Izarok kontzertu solidarioa emango du Esku Bidez taldeak antolatuta

Maxixatzen.eus 2018ko ira. 19a, 11:18

Izaro Andres bakarlariak Esku Bidez taldeak antolatutako kontzertu solidarioa emango du azaroaren 10ean, Baztartxo Antzokian. Udazkeneko Tourraren harira egingo duen kontzertuetako bat da abeslari mallabiarrak Azkoitian emango duena. Emanaldia 20:00etan hasiko da, eta sarrerei buruzko informazioa aurrerago jakinaraziko dutela azaldu du Esku Bidez taldeak.

 

Esku Bidez herritar talde batek sortutako elkartea da. Taldearen asmoa da, hainbat pertsonak bizi kalitatea hobetzeko egiten duten mugimendu migratorioen berri ematea, «beraien oihua plazaratzea».

Bestalde, Aita Mari itsasontziak mediterranear ertainean erreskate lanetan aritzeko laguntza ekonomikoa lortu nahi du taldeak, 'Salvamento Maritimo Humanitario' SMH-ren Azkoitiko laguntzaile moduan.

ZUK dokumentala, azaroaren 9an

Izaroren kontzertuaren aurretik, ordea, ZUK dokumenatala eskainiko du Esku Bidez taldeak. Elkargunean izango da emanaldia, 19:00etan. 'Krisi migratorio' gisa izendatu eta milaka lagunek sufritzen duten hondamendi humanitarioari aurre egiteko lanean ari diren euskal boluntarioak dira ZUK dokumentalaren protagonistak. CEAR-Euskadi, Zaporeak, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Salvamento Maritimo Humanitario erakundeetako boluntarioen lanaren lau adibide erakusten dira dokumentalean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide