Sahatsa dantza taldea Valladolidera joango da asteburuan

Maxixatzen.eus 2018ko ira. 18a, 15:33
Sahatsa dantza taldea.

Valladolideko Euskal Etxeak gonbidatuta, datorren asteburuan, irailaren 22an eta 23an, euskal folklorearen erakusketa egingo du Sahatsa dantza taldeak Valladolideko hirian (Gaztela eta Leon).

 

Irailaren 22an, larunbatean, Azkoitiko eta Azpeitiko ezpata dantzariak bi errenkada luzetan sartuko dira  Valladolideko katedralean, eta bertan Ezpata Dantza egingo dute Ricardo Blazquez kardinalak zuzenduko duen mezan.  

Mezaren ondoren eta Katedralaren aurreko plazan, Lapurdi, Bizkaia eta Gipuzkoako dantzekin hornitutako ikuskizuna eskainiko dute, eta, horretarako, irudi indartsu anitzez osaturiko berrogei minutu inguruko emanaldia prestatu du Sahatsak.

Hurrengo egunean, igandean, Euskal etxeko abesbatzarekin batera kalejira egingo du Sahatsak, eta kantuz, musikaz eta dantzaz girotuko dute Valladolideko Plaza Nagusia, eta, berriro, Gipuzkoako Makil Jokoek ikusmina piztuko dute ikusleen artean.  

Asteburu polita eta interesgarria dute aurretik Sahatsakoek, eta horrela izan dadin, ilusioz ari dira emanaldiak prestatzen Azkoitiko eta Azpeitiko dantzari gazteak. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide