Katuen koloniak kontrolatzeko HEA metodoa jarriko du martxan Katulagun elkarteak

Maxixatzen.eus 2018ko ira. 18a, 11:02

Katulagun elkarteak, Azkoitiko udalaren diru-laguntzari esker, HEA metodoa —Harrapatu, Esterilizatu, Askatu— jarriko du martxan herriko katuen koloniak kontrolatzeko asmoarekin. Katu emeak antzutuko dituzte, herrian katuekin dagoen arazoa konpontzen saiatzeko.

 

Katulagun elkartearen arabera hamazazpi kolonia desberdin daude herriko kaleetan, eta horiek hainbat arazo sor ditzakete. Arazoak konpontzeko «modurik egokiena» HEA metodoa martxan jartzea dela uste dute Katulagun elkarteko kideek, inguruko hainbat herrietan «modu eraginkorrean» martxan baitago aipatutako metodoa. Auzoetako bizilagunei eragin diezazkien kalteak ez sortzea beharrezkoa ikusten dute. Esaterako, katuak oharan edo umeske daudenean «katu talde kontrolatuak izateko beharra» ikusten dute.

Elkarteak kaleko katu emeen esterilizazioa edo antzutzea gauzatuko du. Horretarako, inguruko albaitari klinika baten laguntza izango dute. «Esterilizazioarekin katu masa handiak ez sortzearekin batera, pixez eginiko markaketak eta zikinkeriak gutxituko dira», azaldu dute Katulagun elkartetik. Gainera, esterilizatuta daudela jakiteko katu hauei «belarrian marka txiki bat» egingo zaie HEA metodoaren prozesua egin dutela jakiteko. Ondoren, errekuperatutakoan, katuak berriro bere bizitokira itzuli eta bertan askatuko dituztela jakinarazi dute elkartetik.

Elkarteak katuak esterilizatzeaz gain, katu horien jarraipena egingo du. Arkakusoen izurriteak ez sortzeko, katuak bizi diren inguruetako zakarrontziak ez nahasteko, gaixo dauden katuak zaintzeko edo katu berrien presentziaz ohartarazteko jarraipena egingo du elkarteak.

«Herriko bizilagunen kolaborazioa oso garrantzitsua izango da HEA metodoa eraginkorra izateko», gaineratu dute. «Errespetua» eskatu dute bai katu kolonientzat eta baita lanean arituko diren boluntarioentzat ere. 

«Arazo bihurtu baino lehen Katulagun elkarteak mahai gainean jarri duen proposamena onartzeagatik, eta berau aurrera eramateko diru-laguntza eskaintzeagatik udalaren konpromisoa azpimarratu nahi dugu», esan dute, azkenik, Katulagun elkartetik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide