Hasi dute denboraldi berria Oteiza Pilota Kirol Elkartean

Maxixatzen.eus 2018ko ira. 13a, 15:50
Gurea pilotalekua. (Argazkia: Oteiza Pilota Kirol Elkartea)

Martxan da Oteiza Pilota Kirol Elkartea. Astelehean hasi zuten denboraldi berria pilota elkarteko ikasle txikienek, eta joan diren egunetan hasi dute helduagoek. Ikasle berri askorekin hasi du sasoi berria pilota elkarteak eta izena eman nahi duenak oraindik badu aukera.

 

2018-2019 denboraldiari «ilusioz» ekin dio pilota elkarteak. Joan den astelehenean hasi zituzten elkarteko pilotari txikienek entrenamenduak Gurea pilotalekuan. Guztira 18 ikasle berrik eman dute izena elkartean. Txikienek astelehenetan eta asteazkenetan izango dituzte entrenamenduak. Zazpi urtetik bederatzi urte bitarteko ikasleek 17:00etatik 18:00etara egingo dituzte saioak, eta bederatzi hamar eta hamaika urtekoek 18:00etatik 19:00etara. 2006. urtean jaiotakoek, berriz, astearteetan eta osteguneta izango dituzte lan saioak, 17:00etatik 18:00etara.

Izen ematea, zabalik

Oteiza Pilota Kirol Elkartean izena eman nahi duenak oraindik izen ematea zabalik du. Izen ematea azkoitiotepilota@hotmail.com helbide elektronikora idatzita, 667 503 918 telefono zenbakira deituta edota Gurea pilotalekura gerturatuta egin beharko da.

Pilota partidak gaurtik zapatura

Gaur hasi eta zapatura bitartean hainbat pilota partida jokatuko dituzte elkarteko pilotariek. Gaur, osteguna, Donostiako Atano III. Pilotalekuan I. Juaristi eta A. Egiguren palista azkoitiarrek Real Sociedad taldeko palisten aurka jokatuko dute, 18:40ean. Azkoitiko Gurea pilotalekuan, bestalde, I. Olaskoaga eta I. Azkoitia gazte mailako pilotari azkoitiarrek jokatuko dute eskuz binaka, 19:30ean.

Bihar, ostirala, 19:00etatik aurrera hiru partida izango dira, Gurea pilotalekuan. Lehen biak eskuz binakako partidak izango dira eta azkena gomazko paleta modalitatekoa. 19:00etan, M. Aranbarri eta I. Astigarraga kadete mailako pilotariak hasiko dira. Ondoren, A. Juaristi eta J. Juaristi nagusien 1go mailako pilotariek jokatuko dute, eta azkenik, I. Larrañaga eta M. Azpiroz palistek jokatuko dute. Zarauzko Aritzbatalde Pilotalekuan, berriz, I. Epeldek eta U. Lopetegik gomazko paletako partida jokatuko dute, 21:00etan.

Zapatuan herritik kanpo arituko dira nagusien mailako pilotari azkoitiarrak. 10:30ean, Zumaiako Aitzuri pilotalekuan jokatuko dute J. Oteizak eta J. Zendoia nagusien 3. mailako pilotari azkoitiarrek. Lasarte-Oriako Mitxelin pilotalekuan, berriz, A. Unanuek eta A. Azkoitia nagusien 2. mailako pilotariek, 11:00etatik aurrera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide