Ostegunean itxiko da Mangaixue mendi bizikleta martxan izena emateko epea

Maxixatzen.eus 2018ko ira. 11a, 13:55

Mangaixue BTT mendi bizikleta martxa egingo da datorren zapatuan. Bi ibilbide egiteko modua izango da aurten ere: 33 kilometroko bat eta 25 kilometroko bestea. Txirrindulariak 15:15ean abiatuko dira, Plaza Berritik. Proban parte hartzeko Kirolprobak.com webgunean eta Uhaitz kafetegian eman beharko da izena; ostegunean, hilak 13, itxiko da horretarako epea. Oraingoz, ehun lagun baino gehiagok eman dute izena. Egunean bertan ere izena emateko aukera egongo da.

 

Probaren amaieran hainbat opari zozkatuko dituzte: herriko kontzesionario batean autoaren errebisioa eta olio aldaketa egiteko opari txartela, eguzkitako betaurrekoak, urdaiazpiko eta txorizo sortak, bizikletako nabigatzaile digitala eta Transvulcania Bike proban parte hartzeko bi dortsal, besteak beste. Janaria eta edaria ere eskainiko dute. Antolatzaileek eskerrak eman dizkie laguntzaile guztiei, eta jendea parte hartzera animatu dute, eguraldi ona baitago iragarrita. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide