Gorka Larrañaga: «Ikuslearengan beste begirada bat sortu nahi nuke»

Maxixatzen.eus 2018ko ira. 10a, 11:07
Dozena bat urte egin ditu Mexiko Hirian Gorka Larrañagak (Azkoitia, 1974). Bai artista jardunean (margolari eta marrazkilari), eta baita Casa Galeria proiektu pertsonala garatzen ere —sortzaileei babesa emanez, galerista lanetan, eta proiektu komunitarioak lantzen—. Alabaina, Euskal Herrira itzultzea erabaki du, eta lehen ere bere lanak erakutsitako Donostiako Arteztu galerian paratu du Reset erakusketa (urriaren 2ra arte). Zuri-beltzeko dozena bat lanek osatzen dute bilduma. Berria egunkariak egin dion elkarrizketa da honako hau:

 

Mexikotik Euskal Herrira etorri, eta jada ez duzu kolorea erabiltzen lehen bezala?

Hamabi urtez Mexikon bizi izan naiz. Berez izan naiz kolore zalea, beti erabili izan dut asko kolorea, ilustraziotik eta komikigintzatik nator eta. Mexikoren eraginez, oso kolore artifizialak erabili izan ditut, baina heldu da momentu bat non saturatu egin naizen. Orain ez nuen kolorearen beharra. Kolorea alde batera uzteko gogoa nuen, baita irudien bitartez kontatu beharrekoa uzteko eta husteko ere, biak.

Edukiz, kontzeptuz husteko ahalegina dago azken obra honetan?

Bai, azken urteetan konturatzen ari naiz irudien artista naizela, irudiak egitea dela nire jarduera. Irudi horiek egiteko hau da nire bidea: argazkietatik hasi eta marrazki edo pinturaren bidez bukatzea; eta hortik irudi poetikoak edo emozio estetiko bat sortzen duten irudiak sortzea. Irudiak bere kabuz izan behar du autonomia bat gauzak manifestatzeko, eta konturatu naiz, akademiaren edo unibertsitatearen eraginez, eta baita arte garaikidearen joeren eraginez ere, eduki dudala halako konplexu bat eta gauzak justifikatzeko behar bat. Halere, gaur egun lan metodologia bat lortu dut, oso garbia, eta paradoxikoa da hori, nire lana oso eklektikoa baita, baina lan egiteko modua, aldiz, beti bera izaten da. Erabaki dut lan egiteko metodo hori erabiliz, gauzak ez kontatzea ia hitzez, eta irudiak ahalik eta garbien edo hustuenak izatea. Irudiak berak izan behar du halako aura independente bat.

Zein da metodologia hori?

Izen bezala jarri diot Collage hustua, trantsituen arteko bide bat delako. Askotan abiatzen naiz argazki batetik, bai neuk egindakotik edo bai Interneten edo aldizkari batean topatutakotik; hori hartu, fragmentatu, manipulatu ordenagailuan; gero hori berriz ere inprimatu oihal batean; ateratzen den hori berriz ere ordenagailura eraman; han berriro interbenitu, eta berriro inprimatu... Lanketaren errepikapen horretan irudiaren esentziara joaten zara. Errepikapen horretan beti galtzen da zerbait, baina beti irabazten da zerbait. Irudia garbitu egiten da horrela, hustu, hondarra kendu. Hori da nire bidea, urteen poderioz ikasi dudana, eta nire metodologia bihurtu da.

BERRIAn argitaratutako elkarrizketa. Jarraitu irakurtzen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide