EAJk parke estalia «ezkutuan» lekuz aldatu izana salatu du EH Bilduk

Maxixatzen.eus 2018ko ira. 6a, 19:13
Argazkian, Azkoitiko EH Bilduko ordezkariak.

Parke estaliak leku berri bat izango duela jakinarazi du EH Bilduk gaur arratsaldeko prentsaurrekoan: Gaztaneneako parkean eraikiko da, baina parke horretako beste gune batean. EH Bilduren ustez, erabaki hori orain arteko «aukerarik okerrena» da hainbat arrazoirengatik:

 

Besteak beste, eraikiko den parke estaliaren ondotik pasatzen delako errepide nagusia, eta txikienentzat «ez delako batere leku segurua». Horrez gain, EH Bilduk uste du toki horretan eraikita, ia berdegunerik gabe utziko dutela Azkoitiko erdigunea. Gainera, «hiru urte luzez gaia ahaztuta izan ondoren, korrika eta presaka, gainerakoen iritziak kontuan izan gabe» erabaki dutela parkea gune horretan eraikitzea salatu dute EH Bilduko ordezkariek. Leku horretan parkea «oso txikia» geldituko dela ere esan dute, alboan eraikita dagoena baino pixka bat handiagoa izango delako. 

EH Bilduk jakinarazi du proiektu hori gauzatzeko esleipena, «abuztuaren amaieran, andramaixek pasatu eta egun gutxira egin izana lotsagarria» dela: «Hori ez da Udal Gobernu baten jarrera serioa. Abuztuko batzordeen falta eta jendearen oporrak aprobetxatu dituzte isilean eta presaka aldaketa gauzatzeko. Presa horien ondorioa da, gainera, enpresa bakarra aurkeztu izana prozesura».

Bestalde, EAJk «herri galdeketari uko egin» izana salatu du EH Bilduk. Izan ere, 2018ko otsailean EH Bilduk parke estaliaren inguruko herri galdeketa egitea proposatu zuen herrian hainbat aukera zeudela ikusita. EH Bilduk gaineratu du ez duela EAJren erantzunik jaso, liburutegi ondoan —herritarren aurrekontu parte hartzailearen bidez EH Bilduk proposatutako gunea zergatik ez duten eraiki nahi argudiatuz. 

EH Bilduk parke estalia Azkoitian eraikitzea «beharrezkoa» dela uste du, baina «ikusita Udal Gobernuaren gardentasun eza eta jarrera inposatzailea», EAJk aukeratu duen gunea «desegokia» dela uste du. Gaineratu du «EAJ eta Javier Zubizarreta alkateak inposizio eta politika zaharkitura daramatela herria eta behar beharrezkoa dela haize berri bat ekarriko duen politika aurrerakoi eta herritarra egitea».

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide