'Atano X.a'-ren biografia liburua aurkeztuko dute zapatuan

Maxixatzen.eus 2018ko ira. 4a, 09:54
Atano X.a

Labetik ateratzear da Luziano Juaristi Alberdi 'Atano X.a'-ren (Azkoitia, 1932) biografia liburua, eta irailaren 8an, datorren larunbatean, aurkeztuko dute udaletxean, 12:00etan.

 

ATANO X. Gorputzez txikia, erraldoia kantxan izenburupean, Jose Miguel Saizar eta Joseba Urretabizkaia tolosarrek ondu dute liburua. Xibarit argitaletxeak Jentilak izeneko bildumaren baitan ateratzen duen laugarren liburua da azken hori.

Patxi Astibiaren, Miguel Mindegiaren eta 'Arria II.a'-ren biografiek osatzen zuten orain arte bilduma eta oraingoan, 'Atano X.a'-rekin, aizkora mundutik pilotara egin dute jauzi egileek. Testuz eta argazkiz hornitu dute liburua. Zenbakitutako edizioa izango da eta 500 aletara mugatua.

'Atano X.a' garaile suertatu zen 1966an eta 1968an. 60ko hamarkadan bost final jarraian jokatzera iritsi zen. Saizarrek eta Urretabizkaiak liburu forman omenaldi bat egin nahi izan diote bitan eskuzko pilota txapelduna izan den azkoitiarrari. Eta larunbateko aurkezpena tarteko, omenaldira batzeko aukera dute hala nahi duten pilota munduko ordezkariek eta herritarrek. Aurkezpen ekitaldia irekia da.

Udaletxean egingo den aurkezpenaren ondoren, Kontzejupean pilota partidak jokatuko dira, Oteiza Kirol Elkartearen eskutik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide