'Agur Etxebeste!' filmean parte hartuko du Iban Garatek

Maxixatzen.eus 2018ko abu. 23a, 13:47
Iban Garate ezkerrean, 'Aupa Etxebeste!' filmako fotograma batean.

2005ean aurkeztu zuten 'Aupa Etxebeste!' filma Asier Altuna eta Telmo Esnal zuzendariek, eta egun, hamairu urte beranduago, haren bigarren zatia grabatzen hastear dira: 'Agur Etxebeste!' izenarekin, abuztuaren 27tik aurrera hasiko dira. Lehen zatian parte hartu zuen aktore talde berarekin ariko dira, eta tartean da Iban Garate aktore azkoitiarra.

 

Ramon Agirre (Patrizio), Elena Irureta (Maria Luisa), Paco Sagarzazu (Luciano), Iban Garate (Iñaki), Iñake Irastorza (Axun) eta Patxi Gonzalez (Exenarro) aktoreek jardun zuten Aupa Etxebeste!-n lanean. Oro har, orduko lantalde osoa lan berrian arituko da. Oraingoa ere Irusoinen ekoizpen bat izango da. 

Grabaketa gehienak Bergaran izango direla aurreratu dute, aurrekoan ere han grabatu baitzuten. Datorren astelehenean hasiko dira grabatzen, talde artistiko eta tekniko berarekin. Dena ondo bidean, 2019an pantailaratuko dute.

Asier Altunak eta Telmo Esnalek zuzendutako Aupa Etxebeste! filmean oporretara doala esan ostean etxean ezkutatzen den familia baten komeriak kontatzen dira. 2005. urtean estreinatu zuten lana, eta 70.000 ikusletik gora joan ziren zinemara. Hamabi urtez euskaraz egindako lehendabiziko filma da.

Aupa Etxebeste! filma ikusgai loturan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide