Andramaixek 2018

Orain Presoak mugimenduak manifestazioa deitu du abuztuaren 16rako

Maxixatzen.eus 2018ko abu. 11a, 09:07

Abuztuaren 16an, Orain Presoak mugimenduak deituta, manifestazioa egingo dute 19:00etan, plazatik abiatuta. Manifestazioan parte hartzeko deia egin die mugimenduak herritarrei, honako idatziarekin:

 

«ETA desegin ostean, biktimen arreta bermatzea eta presoen auzia konpontzea dira, Foro Sozial Iraunkorraren, Sare mugimenduaren eta Etxeraten ustez, egoera berrian askatu beharreko korapilo nagusiak. Horretan laguntzeko, espetxeen arloan lehentasunezkotzat jotzen dituzten neurriak zerrendatu eta premiazko agenda osatu dute. Lehentasunak ez ezik, horietara heltzeko bidea ere zehaztu dute: eskakizun horiek euskal gizartean babes handia dutela jakinik, gehiengo instituzional, politiko, sindikal eta sozialak eratzeko deia egin dute, eta pentsatzen dute eragile guztiek elkarrekin bultzatu behar dutela premiazko agenda hori betearazteko.

Honako bost neurriek osatzen dute espetxeen arloko premiazko agenda:

  1. Gaixorik larri dauden presoak askatzea.
  2. Presoen hurbilketa efektiboa senideen ingurutik gertu dauden espetxeetara.
  3. Graduen progresioa: euskal preso politikoen %90 baino gehiago lehen graduan sailkatuta daude, delituen edo espetxealditik at dauden baldintzen araberako politikak ezartzen zaizkielako.
  4. Zigorren batuketa: Europako araudi eta ebazpenek esaten duten bezala, beste estatu batzuetan betetako zigorrak eta oraindik estatu espainiarrean betetzen ari direnak batzea.
  5. Espetxe eskumenak; euskal instituzioen esku uztea, eta espetxe zaintzaren ardura epaitegi naturaletara itzultzea.

Foro Sozial Iraunkorraren, Sareren eta Etxeraten deiari jarraituz, gizarte zibilak ORAIN PRESOAK dinamikari ekin dio.

Gero eta gehiago gara espetxe politikak aldaketak behar dituela pentsatzen dugunak, iraganean kateatuta dago eta ez-ohiko lege batean oinarritzen da. Guk etorkizunera begiratzeko garaia dela uste dugu. Gure ondorengoentzat guri aurrekoek utzi zigutena baino etorkizun hobea eraikitzeko aukera dugu esku artean. ETA desagertu den honetan, ez dugu sufrimendu gehiago sortzen duen politikarik nahi.

Korapiloak askatzeko unea da. ORAIN. Elkarbizitzarako unea. Urteetan sortutako gizarte-zatiketa elkarrekin sendatzeko unea. ORAIN. Batu ezin izan garenok batzeko unea. Orain presoen auzia konpontzeko unea da.

Pixkanaka-pixkanaka aldaketaren aldeko ahotsak handitzen doaz, eta geroz eta gehiago eta anitzagoak dira espetxe politika aldatzea eskatzen dugun ahotsak. Orain ahots horiek aktibatzea izango da mugimendu honen apustua.

Oraindik 275 euskal preso politiko daude Espainia eta Frantziako espetxeetan sakabanatuta, eta asko dira erbestean bizi direnak ere. Tartean ditugu Txetxu eta Kinttela azkoitiarrak. Horiek denak gure artean, etxean, izan arte, lanean jarraitu beharra daukagu».

 

Abuztuaren 16ko txosnaguneko ekintzak

Abuztuaren 16an, bestalde, txosnagunean egingo diren ekintzen berri eman dute. 16:30ean mus txapelketa jokatuko dute. Txapelketan izena emateko epea egunean bertan, 16:00etan irekiko dute. Manifestazioaren ondoren, 21:00etan, parrillada egingo dute eta goizaldeko 02:00etan, zumba.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide