'Kejie ta desditxie' ataleko herritar talde baten kexa: 'Herri bazkarirako tokirik ez'

'Kejie ta desditxie' ataleko herritar talde baten kexa: 'Herri bazkarirako tokirik ez'

'Kejie ta desditxie' atalerako herri bazkaritik kanpo gelditu den gazte talde batek egindako kexa jaso du Maxixatzenek. Abuztuaren 18ko Kuadrilla Egunean egiten den herri bazkarirako tokirik ez dagoela eta honako idatzi egin du taldeak:

 

«Terraza askotan hitz egingo zen txutxumutxuaren harira gatoz honako hau idaztera: 'Kuadrillen Eguneko bazkarirako ez da tokirik geratzen'. Orain dela bi urteko egoera berdina eta gero, arazoari irtenbidea aurkitu beharrean, berdinean gaudela sentitu dugu aurten ere. Hona hemen idatziaren arrazoia:

Urte hartan, haserreak bultzatuta eta beste gazte talde batek idatzia zabaldu arren, gure desadostasuna erakutsi nahi dugu, akats bera errepikatu delako. Azkoitiko herritar bezala, eskubidea izan beharko genuke abuztuaren 18ko herri bazkarian parte hartzeko, izenak berak dioen bezala, 'herri bazkaria' den momentuan, behintzat.

Inork ba al zekien herri bazkariak toki mugarik zuenik? Inoiz eman al du udalak horren berri? Ez dago eskubiderik bazkarian izena emateko epea astebete jarri eta bigarren egunean muturren aurrean atea ixteko. Jakinda herrian gero eta gazte gehiago dagoela, eta ikusitakoa ikusita, herri bazkari horren planteamendua aldatu behar dela iruditzen zaigu; Berdura Plaza hor dago, kaleetan mahai gehiago jar daitezke. Horrenbeste lagunentzat paella egitea zaila baldin bada, asko kostatzen bada edo azpiegiturarik ez badago, janariaren planteamendu desberdina egin beharko litzateke. Gazteek eta helduek bat egiten duten festa da abuztuaren 18ko bazkaria.

'Herri bazkari' formatua baldin badu, herritik izena ematen duen jende orok eduki beharko luke bere lekua bazkaltzeko. Logikoa ez dena da, kopuru bat, txikia izanda ere, bazkaritik kanpo gelditzea. Bien bitartean beste bazkari alternatibo baten bila hasi beharko dugu'.