Floreagako irisgarritasunaren inguruko oharra kaleratu du Azkoitiko EH Bilduk

Maxixatzen.eus 2018ko abu. 3a, 10:33

Azkoitiko EH Bilduk Floreaga auzoko irisgarritasunaren inguruko oharra kaleratu du. «Azken asteetan, azkoitiarrok jakin dugunez, Floreaga auzoko irisgarritasuna hobetzeko aukeren azterketa abiatu du Udalak, lanketa hau LKS enpresari esleituz», irakur daiteke koalizioak kaleratutako oharraren lehen lerroetan. Halere, auzoaren egoera nola dagoen ikusteko «hainbat kontu gogoraratzea derrigorrezkoa» dela azpimarratu dute.

 

Irakurri EH Bilduren oharra osorik:

«Azken asteetan, azkoitiarrok jakin dugunez, Floreaga auzoko irisgarritasuna hobetzeko aukeren azterketa abiatu du Udalak, lanketa hori LKS enpresari esleituz.

Baina, lehenik, auzo honen egoera nola dagoen ikusteko hainbat kontu gogoratzea derrigorrezkoa dela iruditzen zaigu:

1) 2015. urteko aurrekontua aho batez onartua izan zen Azkoitiko Udalbatzan. EH Bildu zegoen orduan gobernatzen, eta udaletxeko talde guztiekin negoziaketetan aritu ondoren, ordezkari guztien onespena —tartean EAJ/PNV udal taldearena— lortu zen eta aurrekontuak aurrera atera ziren. Aipatutako aurrekontuan aurreikusita eta onartuta zegoen inbertsiorik handiena bideratzea Floreaga auzoan igogailu bat jartzeko. Hau da, 500.000 €-ko diru partida gastatzea hango bizilagunen irisgarritasuna hobetzeko asmoz. Igogailuak meskita ondotik auzoaren goialderaino garraiatuko zituen bizilagunak.

2) 2015ean EAJ/PNVk hauteskundeak irabazi zituen Azkoitian, eta ondorioz 2015eko ekainean gobernatzen hasi zen gehiengo absolutuarekin. Urte horretako uztailean, proiektuaren esleipena 'Fiark arquitectos'-i adjudikatu ziola argitaratu zuen Udal gobernu berriak. Ordutik aurrera ez dugu gehiago jakin Floreagan igogailua jartzeari buruz. Dirudienez, proiektu hori lurperatu egin dute eta ez dute beste proiektu alternatiborik landu.

3) 2015ean igogailua jarrita egon behar zuela, eta hiru urte pasatu ondoren egoerak ez duela aurrera egin ikusita, 2017ko irailean Floreagako bizilagunek arazoa konpontzeko eta gizarteratzeko asmotan batzorde bat osatu zuten. Batzordeko kideek Udaleko alderdi guztiei Floreagako irisgarritasun kaskarraren inguruan kontzientziatzea eta gaiari lehentasuna ematea eskatu zieten. Arazoari konponbidea emateko, behar diren elementu mekanikoak ezartzea eskatu zuten: arranpak, igogailuak… Beren asmoa indartzeko sinadura bilketa ere burutu zuten auzoan;  guztira 720 sinadura aurkeztu zituzten udalean, 16 urtetik gorako bizilagunen %83a.

Gai hori nola kudeatu duen ikusita, guk ere gure haserrea azaldu nahi diogu Udal gobernuari; beste gai batzuetan egin duten bezala ez dituzte aintzakotzat hartu herritarren interesak. Orain, berriro Floreagako bizilagunekin kezkatuta dauden itxura egin nahi dute. Guk, ordea, hauteskundeak gerturatzen ari direla eta Floreagan igogailuarekin sortu den egonezina antzemanda, interes elektoralekin dabiltzan usaina hartzen diogu EAJ/PNVk egin berri duen mugimendu honi. Batez ere, orain arte igogailuari buruz galdetu denean, beharrik ez dagoela erantzun dutelako. Floreagako auzotarren bizi kalitatea jokoan dagoela benetan aintzat hartuta, arduraz jokatzeko eta behingoz Floreaga auzoko arazoari konponbidea ematen hasteko exijitzen diegu Azkoitiko gobernatzaileei.

Horretarako eta benetako interesa badute, proiektua egina dago. Beraz, irisgarritasun arazoari irtenbidea emateko lehen pausoa oso epe motzean burutu daiteke, obra egiteko esleipena ateratzea besterik ez da falta.

Baina Udal gobernu honen esku dago benetan erakustea Floreagako bizilagunekiko interesa duten edo itxurakeri hutsa den hauteskunde atarian. Orain zuei dagokizue pausoak ematea».

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide