Maite Arrate: «Liburukoak bizitzako egoeretatik abiatutako idatziak dira»

Maxixatzen.eus 2018ko ira. 13a, 09:27

Maitasunaren bultzadaz iritsi zen Maite Arrate markinarra Azkoitiko Ipintza auzora. Eduardo mutil lagunak bertan etxea zuenez, erabaki erraza izan zen Azkoitira etortzea. Idatzi betidanik egin izan du, testu laburrak, buruan darabiltzan gogoeten emaitzak, baina duela urte batzuk gaixotasun larri batek jota egon zenean ekin zion benetan idazteari. Eguneroko jarduerarik sinpleenak egiteko laguntza behar izan zuen garaian idaztea zuen ihesbide bakarra. Ordu luzeetan bakarrik egon behar izateak kontu ilunak ekartzen zizkion gogora, eta idaztea oasi ondoko pausaleku gozoa bilakatu zitzaion. Urteetan idatzitako gogoetekin, Lubaki osteko idatziak liburua argitaratu berri du.

 

Zergatik aukeratu duzu poesia eta ez bestelako genero bat? 

Ez dakit hau poesia den, nik idatziak direla uste dut, nire iritziekin eta han-hemen nireganatzen ditudan beste batzuen gogoetekin osatutako testu laburrak. Eta ez da neure hautu bat; horrelaxe datorkit. Niri gogora etortzen zaizkidan moduan ekartzen ditut paperera. Motzean eta erraz ulertzeko modukoak izan daitezen nahi dut, nire inguruko jendeak ere erraz ulertzeko modukoak.

Eta marrazkiek zer esan nahi dute?

Alots Arregiri galdetu beharko genioke, berak egin baititu. Idatziak irakurri eta horren arabera ateratzen zitzaiona marrazteko esan nion. Hortik aurrera ez nion beste jarraibiderik eman. Ez nion mugarik jarri, ez denbora aldetik, ezta estilo aldetik ere.  Alotsi eskatu nion aurretik ezagutzen nuelako, etxepean bizi da, eta oso naturala egin zitzaidan berari eskatzea. Gustura egingo zituela esan zidan. Ordura arteko lanak ikusita, banekien zer estilotako marrazkiak egingo zituen, eta pozik nago emaitzarekin. Barruan marrazkiak non kokatu nire esku utzi zuen Alotsek, baina behin orrialdea aukeratuta, berak esandako moduan jarri ditut, berak irudikatutako modua errespetatzeko.  Marrazkien ezkerraldean dauden idatziak, marrazkiak ikusi eta neuri iradokitzen zidatenaren arabera aukeratu ditut.

Guztira lau marrazki dira, hiru barruan eta azalean beste bat. Azalekoa bitxia da, ez baita beste marrazki bat, barruko hirurak elkarren ondoan jarri, eta sortzen den emaitza da. Marrazki horrek liburuaren azaleko atzea eta aurrea hartzen dituenez, bere horretan jartzeko proposatu zidan: ez hitzik bizkarrean, ez inolako testurik atzealdean.

Poemek oso estilo soila dute, adjektibo gutxi, ideiak oso garbi emanda. Propio bilatutako estiloa al da?

Ahalik eta testu errazenak izatea nahi dut. Horrek ez du esan nahi sakonak ez direnik. Helburua da irakurri ahala, idatziek zer pentsa ematea irakurleari. Jakin nahi dut jendeari zer eragiten dioten testuek. Niretzat idatzi batzuk karga handiagoa dute eta beharbada irakurle batentzat beste batek. Hori da, hain zuzen lortu nahi dudana, jendeari gogoeta eginaraztea.

 

Bereizketarik egiten al duzu poemen artean? Testu bakoitzak izaera desberdina izan dezake, umorea, ironia, garraztasuna.

Ez, niri ateratzen zaidan moduan idazten dut. Ez du nahitaez nire gogoeta izan beharrik. Izan daiteke beste norbaitek esandako zerbait abiapuntu hartu, eta hortik nik testu bat sortzea. Edo telebista ikusten ari naizela, pelikula bat edo albistegia; hor entzun edo jasotako ideiak hartu eta gero garatu egiten ditut.

Batean esaterako, hondartzan nago jendez inguratuta, eta ez dut inor ezagutzen. Gure inguruan gutako bakoitza zein garrantzitsua den etortzen zait gogora, baina hondartzan, elkarren ondoan egonik ere, ez gara ezer askorik ondokoarentzat. Ez dugu elkar ezagutzen.

Oro har, bizitzak berak han eta hemen sortutako egoeretatik abiatutako puntuak dira.

Bestalde, aipatu nahi nuke, idatzi batzuk nitik sortutakoak direla, beste batzuk berriz, ni forman eman ditut baina ez naiz ni, eta beste batzuk ni dira baina zu balira bezala jarri ditut.

Niren eta zuren nahasketa bat da. Ni ezagutzen ez nauenak ez daki ni zein idatzitan nagoen, baina ezagutzen nautenek badakite zein idatzietan nagoen ni.

 

Idazten hasita argitaratzea al zenuen helburu? Aurretik Maxixatzeneko Webarruen plazaratu izan dituzu zure poemak. Horren aurretik beste inon argitaratu al dituzu zure lanak?

Ez, Maxixatzenen argitaratu nituen lehenengo idatziak; aurretik neuretzako bakarrik ziren. Dena dela, liburuaren kontua aspalditik  nerabilen buruan, Maxixatzenen hasi aurretik. Laga egiten nuen ordea, bateko hau, besteko hura, beti atzeratu. Bizitza ez da beti norberak nahi duen bezala etortzen, eta, hainbat gauza tarteko, ez dut orain arte modurik izan. Baina halako batean ikusi dut hauxe zela momentua liburuaren kontuari ekiteko, eta halaxe egin dut, bide luzea izan da, baina iritsi gara helmugara.

Zer bide egin duzu liburua argitaratzea erabaki zenuenetik?

Jende gutxik zekien idazten nuenik, batzuentzat sekulako ezustekoa izan da liburua ikustea. Ez da ezkutatu izan nahi dudan ezer, baina ez nuen kontatzeko beharrik, ez naiz ni gauza asko kontatzekoa.

Testuak lauzpabost laguni eman nizkien irakur zitzaten. Ondoren, Aitor Arruti eta Karmen Irizarri eskatu nien gainbegiratu eta zuzendu zitzatela. Lagun batzuk esanda jakin nuen beste batek Erroteta inprimategian egin zuela bere liburua eta haraxe joatea erabaki nuen. Prozesu osoa bertatik bertara ezagutu nahi nuen, eta liburua egingo zuen lagunarekin ere aurrez aurre hitz egin nahi nuen, orain arte zer lan mota egin duen ikusi, eta abar; ez nuen telefono edo mezu bidezko bidea egin nahi. Inprimategira joanda, xehetasun guztiak adostu genituen, aurrekontua eman zidaten, eta aurrera egitea erabaki nuen.

Bidean konturatu naiz, lan asko egin behar dela, azkenean liburu forma horretara iristeko. Maketazioaren lehengo proba jaso nuenean, idatzi guztiak ezkerrean eta goian lerrokatuta zeuden. Ez zitzaidan askorik gustatu; orduan, lagun bat eta biok orrialdez orrialde joan ginen, kokapen egokiena zein izan zitekeen lantzen. Ezkerrera, eskubira, bi lerro gora, hiru lerro behera…

Eta hemendik aurrera zer ?

Momentuz lasai antza nago. Hau atera da eta orain lasai hartuko dut. Trilogia bat osatzeko ideia darabilt buruan, baina ikusiko dut. Idatzi asko ditut, eta litekeena da denbora hartu, beste aukeraketa bat egin, eta beste libururen bat egitea, baina gerora izango da. Garbi dudana da, izatekotan ere gehienez hiru liburu egingo ditudala.

Orain ere idazten dut. Gaitzaren garai ilun haren ondoren, Naia alaba etorri zen, Uxue iloba izan da beste argi izpi bat gero, eta hemendik aurrera, beharbada beste modu batera idatziko dut.

Non dago salgai liburua?

Azkoitian Hizki papertegian, Markinan Kareagan eta Deban Arkatza liburu dendan eta Aittola harategian.

Bukatzeko, Maite Arratek bereziki aipatu nahi ditu gaixoaldiko urte ilun haietan beti ondoan izan zituen lagunak. Momentu gogorrenetan alboan izan zituenak, ezer egiteko gauza ez zenean, ihesbiderik ez zegoenean. Tartean hartutako kafe horietatik haratago –eta horiei ere duten garrantzia aitortuta-, edozer momentu, toki eta egoeratan laguntzeko izan dituen horiek: Eduardo eta Naia, gurasoak, neba Aitor eta Amaia, eta Uxue, Kristina, Manuel, Manex eta Urko.

 

Maite Arrate Iduetak idatzitako poemak.

Bakoitza,

norbera,

norbera da

norbere ekintzen

erantzule zuzena,

erantzule bakarra.

Nahi duguna

saiatuz lortu behar…

Hobeto saiatu

eta hanka sartzea,

ezer egin ez

eta damutzea baino.

Damuak

bizi osoko

iraupena du.

 

 

Ados gaudenetik

abiatuko gara,

urruntzen gaituenera

hurbiltzeko.

Ondo iruditzen zaizu?

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide