Igor Zubeldia: «Nire helburua da Realean garrantzitsua izatea»

Maxixatzen.eus 2018ko ira. 21a, 15:42

Igor Zubeldia (Azkoitia, 1997) futbolariak bigarren denboraldia du Realarekin Lehen Mailan, eta «gogotsu» dago. Jokalari «garrantzitsua» izan nahi du Realean, eta helburu hori lortzeko «saiatzen» ari dela azaldu dio Maxixatzeni txuri-urdinak. Irakurri elkarrizketa:

 

Lehenik eta behin, zorionak kontratua luzatu dizutelako.

Eskerrik asko.

2024ra arteko kontratua duzu orain Realarekin. Zerk eraman zaitu kontratu hori sinatzera?

Klubak nigan jarritako konfiantza hartu dut aintzat; nigan konfiantza dutela ikusi dut. Nik klubarentzat esker hitzak besterik ez ditut. Kontratua berritzeak, ordea, ez du ezer esan nahi niretzat. Egia da lasaitasun puntu bat ematen didala, baina ni ez naiz horrekin konformatzen; nire helburuetako bat da Realean jokalari garrantzitsuetako bat izatea.

Nolakoak izan dira negoziazioak?

Erraza izan da guztia; ez dugu zailtasunik izan. Realak bere partetik dena jarri du, eta nik ezin nion ezetz esan. Nire ametsa da Realean hasitako ibilbidea talde txuri-urdinean amaitzea. Kontratu luzapena urrats bat da nire ibilbideari jarraipena emateko, eta alde horretatik oso gustura nago.

Duela bi urte egin zenuen debuta Realarekin, baina esan daiteke azken denboraldian egonkortzen hasi zarela. Lau neurketa jokatu zenituen 2016-17ko denboraldian, eta 28 2017-18koan.

Jakitun naiz oraindik ez dudala ezer egin; agertzen hasi besterik ez naiz egin. Gaztea naiz eta partida asko jokatzeko aukera izango dut oraindik. Horretarako lan asko egin beharko dut, eta horretan ari naiz saiatzen denboraldi-aurrean.

Azken denboraldian Eusebio Sacristán eta Imanol Alguacil izan dituzu entrenatzaile. Nolakoa izan da Lehen Mailako zure denboraldia?

Denboraldia hasi aurretik ilusio handia genuen. Lehen Mailako nire lehen urtean Europan jokatu ahal izatea ezin hobea zen. Europan jokatzeko aukera izan dut gerora, eta alde horretatik oso gustura nago. Helburuei begiratuta, ordea, urtea ez zaigu nahi bezain ondo joan; ez dugu erregulartasunik aurkitu taldean. Nik neuk hasi baino hobeto amaitu dut denboraldia, konfiantza handiagoarekin. Asmoa da azken urteari jarraipena ematea eta hobeto egitea.

Sanseko jokalari zinenetik gaur egunera, zenbat eta zertan aldatu zaizu bizitza? Bizimodu berriak jarri al dizu mugarik?

Telebistan agertuta jende gehiagok ezagutzen nauen arren, pertsona bezala ez naiz aldatu. Aldatu den bakarra herriko umeek eta gazteek kaletik pasatzean egiten didaten agurra da. «Aupa Zubeldia!» esaten didate askok. Horrela bizitzeak, ordea, ez dit sortzen inongo mugarik. Hasieran kostatu egiten zitzaidan, arraroa egiten zitzaidan. Norbait nigana argazki eske etortzen zenean lotsatu ere egiten nintzen, pentsa! Orain dela bi urte Sansen jokatzen nuen, eta ez zen horrelakorik gertatzen.

Umiltasuna zure ezaugarrietako bat da. Zertan ahalegintzen zara betiko Igor izateko?

Ez aldatzen ahalegintzen naiz, ni neu izaten. Naizen bezalakoa naiz, eta telebistan agertzeagatik ez gara inor baino gehiago. Jendeak gehiago ezagutzen gaituen arren, kaleko pertsona arrunt bat naiz ni ere, eta ez daukagu inori goitik edo gainetik begiratu beharrik.

Inoiz sentitu al zara presionatuta? Ez da erraza izango astero-astero milaka pertsonaren aurrean jokatzea.

Neurketa bakoitzean sentitzen da presioa. Ez da gauza bera Zubietan 500 pertsonaren aurrean jokatzea eta Anoetan 25.000 pertsonaren aurrean jokatzea. 22 jokalarietako bat zara berdegunean, eta denak daude zuri begira. Jokoa ondo edo gaizki aterako zaizun beldur hori beti egoten da partida aurretik. Tentsioa ere beti egoten da, zaharra edo gaztea izan. Ni baino taldekide zaharragoek komentatu izan didate tentsio hori berdin-berdin mantentzen dela adinean aurrera eginda ere. Gure lana azkenean hori da, eta horretara ohitu beharko dugu.

Sare sozialetan edota kalean kritika asko entzun behar izaten dute futbolariek. Nola daramazu jendearen jarduna?

Egia esan, berdin dit kritika onerako edo txarrerako egin. Twitter kontua kendu egin nuen, eta Facebook eta Instagram kontuak ditut. Egia da kritika onak eta txarrak entzutera ohitu behar dudala. Ona denean dena ondo joaten da, baina txarra denean ezin naiz ezkutatu. Twitter kontua kendu nuen ez nuelako erabiltzen, eta gauzak gaizki doazenean neu gaizki ez sentitzeko.

Askotan esan izan da Realeko aldagelan sekulako giroa dagoela. Zergatik da horren berezia?

Nik lehen urtea pasatu dut Realaren lehen taldeko aldagelan, eta eskertzekoa da horrelako aldagela bat edukitzea. Lehen egunetik erraztasunak eman dizkigute, eta beti gazteei laguntzeko prest daude. Kanpoko beste talde batean jokatu eta gero berriz Realera itzuli direnek askotan esan dute ez dagoela beste aldageletan Realean dagoen giro onik.

Zein hizkuntza erabiltzen da aldagelan?

Egia da denek ez dakitela euskara. Inguruan ez dakien bat badago, erdarara jotzen dugu, baina gure artean euskaldunak bagaude eta gehiengoak euskaraz badaki, euskara erabiltzen dugu. Fisioterapia gelan euskara asko erabiltzen dugu, baita fisioterapeutek ere. Zelaian, euskaraz dakienarekin euskaraz hitz egiten dut.

Zer du ona Realeko jokalaria izateak?

Gauza on asko ditu. Gazte-gaztetatik hasten zara futbolean. Ia guztion ametsa da telebistan ikusitako jokalarien leku berera iristea. Zer duen ona? Gustuko lana da, baina egia da alde onak bezala txarrak ere badituela: presioa, jendearen esanak… Lagunak norabait joaten badira, berriz, ni ezin naiz joan. Nik pentsatu behar dut: «Izorratu hadi, futbolak alde onak eta txarrak ditik». Alde txarretako bat da, adibidez, lagunek egiten dituzten hainbat gauza ezin egitea. Azkenean ohitu egiten zara horretara.

Asier Garitano eta haren lantaldea izango duzue aurten taldea zuzentzen. Zer uste duzu emango diola Realari?

Asier gertuko pertsona da, beti gauzak aurpegira esateko eta laguntzeko prest dagoena. Etxeko entrenatzailea da, euskalduna. Itxura ona hartzen diot; aproposa da Realerako. Denboraldi-aurrea hasi baino lehen telefonoz deitu zidan, gehiago ezagutzeko. Oso feeling ona izan dugu. Gogo handia dut gehiago ezagutzeko.

Badirudi aurten ere lehia handia izango duzula zure postuan jokatzeko.

Niretzat lehia ez da txarra; norbere buruari erronka handiagoa jartzeko motibazio puntu bat gehiago da. Jokatu nahi badut, gehiago entrenatu beharko dut. Pribilegioa da niretzat Realeko zelai erdia ligako jokalaririk onenetarikoekin partekatzea. Aukera dut besteak beste Illarramendi, Zurutuza eta Pardorekin entrenatzeko, jokatzeko eta egiten dituzten gauzetatik ikasteko.

Halere, entrenatzaile berriarekin jokalari denak hutsetik hasten zaretela esan ohi da. Zer lortu nahi du aurten Igor Zubeldiak?

Dakidan bezala entrenatu eta jokatu nahi dut. Nire asmoa da entrenatzaileari zer naizen eta zertarako balio dudan erakustea. Hortik aurrera, entrenatzaileari jokalari batzuk gehiago gustatuko zaizkio besteen aldean. Egunero dena ematen saiatuko naiz; ikusiko da zer gertatzen den.

Azken urteetan, denboraldi-aurreko stage-ak egitera atzerrira irten da Reala. Aurten Zubietan prestatuko duzue denboraldi berria.

Kanpora irtetea polita da, alde batetik leku berriak ezagutzen direlako eta beste inguru bat ikusten delako. Erosotasuna da denboraldi-aurrea hemen egitearen alde ona. Gainera, neurketak Euskal Herrian eta hemendik oso gertu jokatuko ditugu; jendearen babesa sentituko dugu, eta zaleek ere partidak ikusteko aukera handiagoa izango dute. Aurtengo denboraldi-aurrea ere polita izango da.

Zein postutan jokatzen duzu erosoen?

Defentsako euskarri bezala sentitzen naiz erosoen. Orain arte, infantil, kadete eta gazte mailetan, postu horretan jokatu izan dut, eta hor jokatzera ohitu naiz. Egia da metro batzuk aurrerago ere jokatu dudala, baina erosoago sentitzen naiz defentsako euskarri bezala. Erdiko atzelari postuan ere aritu izan naiz noizean behin.

Lehen behetik ikusten zenituen jokalariak dituzu parean orain, bai taldean eta bai aurkari. Zeinek harritu zaitu gehien?

Askok harritu naute. Lionel Messi argentinarraren aurka jokatzeko aukera izan dut. Messiri baloia kentzera joanda ezin zaio kendu, eta falta egitea ere oso zaila da askotan. Messiz gain, Luca Modric ere aipatuko nuke. Jokalari horiek izarrak dira mundu osoan. Hala ere, bat esaten ez nuke jakingo.

Herrian, Txerloian jokatu duzu orain dela egun gutxi. Zer-nolako esperientzia izan da?

Neurketa berezia izan zen niretzat; Txerloian jokatzen nuen bigarren aldia zen. Lehen partida gazte mailan jokatu nuen, eta orain lehen taldearekin. Egun berezia izan zen niretzat. Zale asko joan zen Txerloira, eta eskertzekoa da hori. Eskerrak eman nahi nizkioke Anaitasunari, eman zigun tratu onagatik, eta batez ere herritarrei, erakutsi zuten babesagatik.

Anoeta berritzen ari dira. Jokalarientzat zer-nolako garrantzia du harmailak jokalariengandik gertu egoteak?

Garrantzitsua da guretzat. Orain arte, Anoetan, pistekin jendea urrun ikusten genuen. Mendizorrotzara joanda, adibidez, jarraitzaile denak gertu ikusten dira, eta zarata bikoitza entzuten da. Uste dut Anoetaren berritzeak eragin handia izango duela guretzat, jendearen berotasuna sentitzeko. Denok zain gaude berritze lanak amaitzeko.

Nondik sortu zaizu futbolerako zaletasuna? Txikitan Anoetara joaten al zinen?

Kirolerako zaletasuna izan dut txikitatik. Gure kuadrillan beti izan gara baloia, bizikleta, pilota edota erraketa hartzekoak. Ikaskirolen hasi nintzenean jokatu nituen futboleko lehen partidak. Saskibaloian ere jokatzen genuen, eta arratsaldean pilotara joaten nintzen… Garaia iritsi zitzaidan kirol baten aldeko hautua egiteko, eta hortik aurrera futbolean jarraitu dut. Bazkidea ez naiz izan, baina bai realzalea. Beti izan ditut Realeko kamisetak, baina Anoetara oso tartean behin joaten nintzen, Ikaskirolen oparitutako sarrerekin askotan.

Pilotarako ere bazenuen sena. Nola gogoratzen duzu futbola edo pilota aukeratu behar izan zenuen garai hura?

Realeko deia jaso aurretik neuk ere sentitzen nuen ezin nituela futbola eta pilota biak batera uztartu. Deiaren eguna iritsi zen, eta aitak esan zidan: «Igor, bietako bat aukeratu beharko duk; nahi duana aukeratu». Orain inbidia apur bat pasatzen dut pilota partidak ikustera joandakoan, baina bere garaian futbolaren alde egin nuen apustu. Egun libreetan, noizean behin, lagunekin pilotan jokatzera joaten naiz.

Gol bat ere egin duzu Lehen Mailan. Nola oroitzen duzu une hura?

Nire bizitzako egun berezietako bat izango da betirako. Sekula ez naiz izan golegilea; txikitan agian, Ikaskirolen aurrelari moduan jokatzen nuelako. Realean, ordea, sekula ez naiz izan gola sartzekoa. Niretzat egun berezia izan zen nire lehen gola Anoetan egitea.

Bestela ere momentu asko pasatu dituzu talde txuri-urdinean. Bat aukeratzekotan, zein aukeratuko zenuke?

Debutaren eguna, Mestallan Valentziaren aurka jokatu genuenekoa. Azkeneko unean, gainera, irabazteko aukera izan genuen Mikel Oiartzabalen golarekin. Egun hura ere gogoan dut.

Zer da gogorrena futbolari baten bizitzan? Eta errazena?

Zailena, denek egiten dituzten gauza batzuk ezin direla egin. Adibidez, elikadura: ezin dugu edozer jan, gehiago zaindu behar dugu. Alde horretatik, zailena hori da, ez baitugu lagunek egiten duten guzti-guztia egiteko askatasunik. Gustuko dudan lana egiten dut, eta hori da alderik errazena edo onena.

Elikaduraren zainketa asko aldatzen al da profesional mailan zaudenean?

Bai. Lehen ez nion horrenbesteko garrantzirik ematen elikadurari; orain, ordea, dietista dugu taldean, eta hark zaindu egin behar dugula esaten digu. Grasa hartzen digute hilean behin, eta egunero pisatzen gaituzte. Grasa asko dituzten jakiak ezin ditut jan, garbi jan beharra dut.

Gero eta futbol txapelketa gutxiago falta zaizkizu probatzeko. Ligan, Kopan eta Europa Ligan jokatuta, zein nahiko zenuke izatea zure hurrengo erronka?

Realean dagoen jokalari batentzat, txapelketa horiek dira garrantzitsuenak. Nire helburua da Realean garrantzitsua izatea; horixe nahi dut.

Bi astetik behin etxetik kanpo egon behar izaten duzue futbolariok. Nolakoa da astez aste bidaiatzen ibili beharra?

Gogorrena bidaia da: aireportura joan, hegazkina hartu, hotelera joan eta han sartuta egon. Gu bezperatik joaten gara etxetik kanpoko partidetara. Neurketa 21:00etan denean, esaterako, egun osoa hoteleko gelan sartuta egon behar izaten dugu partidaren zain, kontzentratuta eta tentsioan. Egia da horrek bakarrik nekatu egiten duela; ez da erraza. Azkenerako horretara moldatu behar dugu, eta ohitu egiten zara.

Nor izaten duzu bidelagun bidaia egunetan? Hoteletako gauak beti taldekide berberekin pasatzen al dituzu?

Asier Garitano entrenatzailearekin ez dakit zer gertatuko den, baina orain arte banaka egon izan gara, atseden gehiago hartzeko. Batzuetan, oso gutxitan, karta jokoetan ibiltzen gara. Afaltzen, bazkaltzen edo gosaltzen elkartzen gara taldekideak, eta gero bakoitza bere gelara joaten da, film bat ikustera edo siesta egitera.

Etxean nolako aholkuak ematen dizkizute? Nolako biloba, semea eta anaia da Igor etxean?

Etxean emandako aholkuak beste etxe guztietan emandakoak bezalakoak direla esango nuke. Neu izaten jarraitzeko, ez aldatzeko eta telebistan agertzeagatik ez naizela besteek baino gehiago esaten didate. Halere, badut adina horrelako gauzak neuk bakarrik pentsatzeko. Etxean orain bi-hiru urte bezala ikusten naiz: etxeko ohean lo egiten dut, etxean esnatzen naiz, etxean afaltzen dut eta etxean familiartekoekin egoten naiz. Gosaldu eta bazkaldu Zubietan egiten dugu, baina, oro har, bizitza normala daramat.

Zuk egindako urrats bera egitea amesten duten azkoitiar asko dira Realean. Zer mezu emango zenieke horiei guztiei?

Momentua gozatzeko esango nieke, eta ez pentsatzeko etorkizunean zer gerta daitekeen. Zubietara joandakoan %100ean entrenatzen ahalegindu. Nahiz eta zaila izan, badaude aukerak nesketan zein mutiletan lehen taldera iristeko.

 

MOTZEAN:

Amets bat: Ibilbidea Realean amaitzea

Talde bat: Reala

Zelai bat: Anoeta

Jokalari bat: Xabi Alonso

Herrialde bat: Afrikako herrialdeak

Bizitzeko leku bat: Azkoitia

Janari bat: Txuleta

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide