Inauguratu dute EH Bilduren Azkoitiko bilgunea

Maxixatzen.eus 2018ko uzt. 28a, 12:00

Azkoitiko EH Bilduk bilgune berria du. Atzo, ostirala, inauguratu zuten Trenbidearen Zumardia 15. zenbakiaren ondoko lokalean. Inaugurazioan izan ziren, besteak beste, Azkoitiko eta Azpeitiko EH Bilduko udal taldeko ordezkariak, Juan Karlos Izagirre EH Bilduk Foru Aldundirako aurkeztu duen hautagaia eta Peio Urizar EH Bilduko legebiltzarkidea. Eneritz Artetxe eta Asier Garate 'Txibilter' bertsolariek girotu dute irekiera ekitaldia.

Iraitz Otaño Azkoitiko EH Bilduko bozeramaileak eman zion hasiera ekitaldiari. Eskerrak emanez hartu zuen hitza Otañok. «Ea horrela elkartzen jarraitzen eta denok batera aurrera egiten dugun», azaldu zuen. Ondoren, bertsolarien saioa izan zen, eta gero, Juan Karlos Izagirrek hartu zuen hitza. «Lehenik eta behin eskerrak eman beharra dago, gonbidapenaz gain, horrelako bilgune bat Azkoitian edukitzeagatik; horretarako beharrezkoa da jende askoren lana, eskuzabaltasuna erakusten du honek», hasi zen Izagirre.

«Garrantzia handia dute horrelako bilguneek, herrietan lana txukunago eta gusturago egiteko, eta egindako lana eraginkorragoa izateko balioko du», azpimarratu zuen EH Bilduren hautagaiak. «Bilgunea da adibide garbi bat EH Bildu zabaldu behar dugula esaten dugunean. Bakoitzak bere ekarpena eginda, eta denon artean lana eginda, horrelako leku bat egokitzea eta aurrera egiteko indar gehiago edukitzea lor dezakegu», adierazi zuen jarraian.

«Euskal Herriagatik eta justizia sozialagatik lan asko egin dugu urte askoan, baina aipatu nahi dut azken urteetan, Bildu sortu zenez geroztik, egindako lana», esan zuen Izagirrek. «Zazpi urte besterik ez dira Bildu sortu zela, EH Bildu orain. Jaio berriak garela esango nuke oraindik ere. «Bestelakoak entzutea» egokitu zaiela esan zuen, baina lana gobernuan, oposizioan zein kalean egin dutela gaineratu zuen. Lana «txukuna baino gehiago» izan dela azpimarratu zuen EH Bilduren hautagaiak.

«Azkoitian ere egon gara gobernatzen eta hori txalotzekoa da», azaldu zuen Izagirrek. «Lana oso txukun egitearen ondorioetako bat izan ziren 2015. urteko hauteskunde emaitzak», esan zuen. «Beti berean jarraitu nahi duten horiek argi ikusi zuten aukerak bazeudela gauzak beste modu batean egiteko, aukerak bazeudela gure gobernatzeko modu berriarekin aurrera jarraitzeko», azaldu zuen. Halere, «modu hori «mozteko ahalegin handia» egin zutela adierazi zuen Izagirrek, «horretan oso onak» direla gehituz.

«Badakigu lana egiten, eta lanean jarraituko dugu. Irailean hasten dugun ikasturtean, irabaztera joan behar dugu. Gipuzkoan irabazi beharra dugu, herrietan irabazi beharra dugu eta leku askotara itzuli behar dugu gobernatzera», azaldu zuen segidan. «Gure ezaugarri nagusia da lana zintzotasunez egitea». «Gezurra, manipulazioa eta gauzak erdi ezkutuan egitea besteen ohiko politika» dela esan zuen. «Gu gauzak beste modu batera egitera etorri gara. Gobernatzea gehiago kostatuko bazaigu ere, lana zintzotasunez eta egia aurretik dela egingo dugu», gehitu zuen amaitu aurretik. Bildutakoen aurrean adierazi zuen, gainera, «herritar askeak eta euskaldunak, eta berdintasuna bultzatuko duen eta naturarekiko errespetua izango duen Euskal Herri librea amesten» duela. «Ziur naiz hemendik aurrera lana elkarrekin egingo dugula eta irabaziko dugula», esan zuen inaugurazio ekitaldiko aurkezpenarekin amaitzeko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide