Zapatuan hasiko dira udako bisita gidatuak

Maxixatzen.eus 2018ko uzt. 26a, 13:26

Azkoitiko kultur ondarea ezagutzera emateko xedez, herritarren eta bisitan etortzen direnen artean, Udalak, Iraurgi Berritzenekin elkarlanean, udako bisita gidatuak antolatu ditu. Etzi, zapatua, hasi eta irailaren 9ra arte luzatuko da egitaraua.

 

Bisita guztiak doakoak dira eta herriko jauregiak eta dorretxeak ezagutzeko aukera izango da. Bisitatuko dituzten txokoen artean dira, Goiko Kale, Ama Birjinaren Jasokundeko Parrokia, Herriko plaza, Balda Dorreko San Inazioren kapera edota Santa Kutzeko monasterioa, besteak beste. Halaber, Inaziotar Azkoitian murgiltzeko edo Intsausti Jauregiari lotuta, Antonio Oteiza eta Jose Alberdi 'Burruntxali' artisten obretan sakontzeko gonbitea luzatzen dute proposamenek.

Asteburu honetan, zapatuan, Parrokia irekiko da 11:00etan, eta 12:00etan bisita gidatua egingo da Alde Zaharrean barrena, eliza, Balda eta Idiakez dorretxeak ezagutzeko. Igandean, berriz, Balda dorreko San Inazioaren kapera irekiko da, eta 12:00etan bisita gidatua egingo da bertan.

Egitarauak barne hartzen ditu 'Ezkutuko Altxorrak' egitasmoaren baitan antolaturiko bisitak ere. Halaber, abuztuan Donostiako Musika Hamabostaldiak antolatuta, bi aktibitate eskainiko dira. Abuztuaren 6an, Parrokian Joon Ho Park organo jotzailearen kontzertua izango da 20:00etan. Abuztuaren 25ean, berriz, 'Inaziotar Bidea' egingo da Aizpurutxotik Urretxurako tartean. 21 egunetan zehar egingo dira bisitak, zapatuan hasi eta irailaren 9ra bitartean.

Ikusi bisita gidatuen egitaraua, hemen.

Informazio gehiago Loiolako Turismo Bulegoaren telefono zenbakian —943 15 18 78— edota i-loiola@urolaturismo.eus helbide elektronikoan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide