Euskaraldia

Euskaraldia Udal barruan «sustatzeko» erakunde-adierazpena

Maxixatzen.eus 2018ko uzt. 26a, 11:17

Atzoko Udal Osoaren Ohiko Bilkuran Euskaraldea udal barruan sustatzeko erakunde-adierazpena onartu zuten. Hona hemen adierazpena:

«Gipuzkoan bi hizkuntza ditugu ofizialak: euskara eta gaztelania. Begi bistakoa da, ordea, bi hizkuntzok ez daudela oreka egoera batean, ez esparru publikoan ez eta gizartean ere: gaztelania da nagusi. Uste dugu orain arteko ahaleginarekin bakarrik ez direla bi hizkuntzak parekatuko, indar gehiago jarri behar dugula hizkuntza-berdintasuna bultzatzeko; euskara lehenetsi behar dugula, alegia. Izan ere, gizarte-, genero- eta hizkuntza berdintasuna lortzea da Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako udalen erronketako bat, eta, horrenbestez, horretara bideratutako urratsak egitea.

UNESCOrentzat ere munduko hizkuntza-ondarea zaintzea eta hizkuntza gutxituak garatu ahal izatea da mende honek duen erronkarik garrantzitsuenetariko bat. Izan ere, 7.000 hizkuntza inguruk osatzen dute munduko hizkuntza-ondarea. Munduko biztanleen %97k hizkuntzen %4 hitz egiten du ama-hizkuntza gisa, eta biztanleen %3k hitz egiten du hizkuntzen gainerako %96a. Horrela, bada, hizkuntza gutxi batzuk dira nagusi munduan, hizkuntza txiki eta gutxitu askorekin elkarbizitzan.

Gipuzkoan 100 hizkuntzatik gora hitz egiten dira eta ikasi beharko dugu aniztasun hori egoki kudeatzen; baina bizikidetza osasuntsu baterako lehen urratsa euskara eta gaztelaniaren arteko elkarbizitza orekatua lortzea da.

Norabide horretan, euskara biziberritzeko beharrezkoa dugu norbanakoen, gizartearen eta administrazioen arteko ahaleginak uztartu eta elkar elikatzen jarraitzea -Eusko Jaurlaritzaren Eta Hemendik Aurrera Zer txostenak ere halaxe jasotzen du-, eta, era berean, premiazkotzat jotzen dugu hizkuntza gutxituen aldeko hizkuntza-arau sozial berriei ere lekua egitea.

Guztion elkarlanari esker, euskararen normalizazio-prozesuak ibilbide oparoa izan du azken hamarkadetan, emaitza aipagarria da, baina, prozesu guztiek bezala, argi-itzalak ditu; bada pozik egoteko arrazoirik, baita kezkatzeko daturik ere.

2016. urtean egindako VI. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, ezagutza datuek nabarmen egin dute gora azken hamarraldietan, baina erabilera ez da neurri berean hazi; Gipuzkoan bizi den 2 urte edo gehiagoko biztanleriaren %57,4 euskalduna da eta biztanleen %73,3k euskara ulertzen du. Erabilera-datuek diotenez, aldiz, Gipuzkoan 16 urtetik gorakoen %39.5ek hitz egiten du euskaraz.

Datuon argitan, euskararen normalizazio-prozesua inflexio puntuan dago, fase baten amaieran eta beste baten atarian. Aro berri horretan, agerikoa da erabileran jarri beharra dagoela indarra.

Euskararen ulermenari ez diogu behar besteko garrantzirik eman; izan ere, erabileraren korapiloa askatzeko gako nagusi bat ulermena da. Alegia, euskararen ulermenaren balioa azpimarratuz gero, ulermena erabat zabalduz gero, euskararentzat eta gipuzkoarrontzat erabilerarako eremu zabal eta emankorra zabalduko dugu. Kontuan hartzeko beste datu bat: Gipuzkoako udalerri gehienetan ulermena %80tik gorakoa da, eta gainerakoetan biztanleen %60k baino gehiagok ulertzen du euskara.

Euskaraldia, 11 egun euskaraz, azaroaren 23tik abenduaren 3ra

Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Topaguneak, beste hainbat eta hainbat erailerekin elkarlanean, abian jarri dute Euskaraldia ekimena. Gure udalerria ere buru-belarri sartu da, eta ekinbidea burutzeko batzordeak lanean dihardu.

Ekimen horretan 11 egunetan hizkuntza-praktika berri bat gauzatzera gonbidatuko ditugu herritarrak. Ariketa horren subjektuak 16 urtetik gorako helduak izango gara, eta 11 egunez hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa kolektibo bat egitea da proposamena, indarra ulermenean jarrita. Bi subjektu mota bereizi dira: ahobizi eta belarriprest.

 Ahobiziek, 11 egun horietan, euskarari eutsiko diote solaskideak euskaraz ulertzen duen guztietan, eta, belarriprestek, aldiz, solaskideak beraiekin euskaraz aritzera gonbidatuko dituzte, nahiz eta belarriprestak berak euskaraz edo gaztelaniaz erantzun.

Ekimenaren helburua hau da, besteak beste: ariketa praktiko horren bidez ikusaraztea eta biziaraztea hizkuntza-ohiturak alda ditzakegula, eta, ahal dela, 11 egun horiek igaro eta gero, hizkuntza-praktika berri horiei eustea.

Euskaraldia Gipuzkoako Foru Aldundian eta udaletan

EAEko euskararen erabilera normalizatzeko V. Plangintzaldiak honako datu hauek jasotzen ditu amaierako ebaluazio-txostenean:

  • Gipuzkoako ordezkari politikoen %90,4 gai da euskara ulertzeko eta %86,8 euskaraz hitz egiteko.
  • Gipuzkoako langile publikoen %86,8k ongi edo oso ongi hitz egiten du euskaraz.

Aipatutako datuak eta Gipuzkoako egoera soziolinguistikoa aintzat hartuta, erabileran eragiteko baldintza egokiak ditugu Gipuzkoan. Euskaraldia, ostera, abagune aproposa dugu Gipuzkoako erakunde publikook eta arduradun politikook dagokigun erantzukizuna geure gain hartu eta eredugarritasunez joka dezagun, erabileran urrats berriak egin ditzagun».

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide