Euskaraldia

Euskaraldia «sustatzeko» erakunde adierazpena onartu du udalbatzak

Maxixatzen.eus 2018ko uzt. 26a, 11:16

Udalak azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo den Euskaraldia ekimena babesteko eta indartzeko beste Euskaraldia udal barruan sustatzeko erakunde adierazpena onartu du. EAJ, EH Bildu eta PSE-EE alderdiek aldeko botoa eman dute, eta Azkoitia Bairen abstentzioa.

 

Azkoitiko Udalak honakoa adierazi du atzo onartutako erakunde adierazpenaren ondoren:

  • Udalbatzak bat egiten du Euskaraldiarekin eta ekimenaren sustatzaile izango da. Horrenbestez, erantzukizunez eta eredugarritasunez jokatzeko konpromisoa hartzen du.
  • Ordezkari politikoon egiteko nagusia izango da Euskaraldiaren markoan eta bereziki udal barrura begira ekimena zabaltzea. Horrenbestez, ekimen honetan ahalik eta ahobizi eta belarriprest gehien aktibatzeko urratsak egingo ditugu, arduradun politikoak zein langileak izan.
  • Ahobiziok euskara ulertzen duten guztiekin euskaraz aritzeko konpromisoa hartzen dugu.
  • Belarriprestok gainerakoan gonbidatuko ditugu gurekin euskaraz egin dezaten, nahiz eta guk euskaraz eta gaztelaniaz erantzun.
  • Udalak neurriak hartuko ditu hizkuntza-praktika horiek posible egiteko eta etorkizunean eutsi ahal izateko.
  • Udalak, ekimenaren sustatzaile gisa, udal barruan ez ezik, udalerrian ere herritarrak gonbidatuko ditu Euskaraldia ekimenean parte har dezaten, eta izena emateko bideak erraztuko ditu.

Era berean, «Udalak bat egiten du ekimena elkarrekin, elkarlanean eta batera garatzearekin Gipuzkoan, ahalik eta udal eta mankomunitate gehienetan, Gipuzkoako Foru Aldundian eta Batzar Nagusietan, lurralde mailako politika bateratu bati begira», azaldu dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide