Aurreakordio «negargarria» sinatu izana salatu dute ELAk eta LABek

Maxixatzen.eus 2018ko uzt. 25a, 15:00

Hitzarmen kolektiboaren aurreakordioa lortu dute LSB-USO, CCOO eta UGT sindikatuek eta Azkoitiko Sidenor enpresak. Horren harira, Sidenor Azkoitiako ELA eta LAB sindikatuek aurreakordioa «negargarria» dela salatu dute Maxixatzeni bidalitako oharrean.

 

«Lotsagarria izan da aste honetan Sidenor Azkoitia enpresan bizi izan duguna», azaldu dute Sidenor Azkoitiako ELA eta LAB sindikatuek. «Oporren atarian geundenean erabaki zuten CCOO, UGT eta USO sindikatuek enpresarekin batera, negoziazio mahaia irekitzea. Enpresaren neurrira egindako aurreakordioa egin dute. Bost urterako, enpresak nahi duena egiteko eskuak libre izango ditu», adierazi dute.

«Aurrejubilazioak garrantzitsuak direla garbi daukagu, baina, bai enpresak eta baita sindikatuek ere trukeko txanpon moduan ibiltzen du gainontzeko langileei eskubideak kentzeko. Eta ezin dena ukatu da, enpresarentzat ere onuragarriak direla aurrejubilazio horiek. Baina CCOO, USO eta UGTk  ez dituzte inondik inora ere langileen eskubideak bermatzea helburu izan, eta horren erakusle da aurreakordioa», azpimarratu dute bi sindikatuek.

Igoerak KPIaren erreferentziarik gabe aplikatuko dituztela salatu dute; hau da, langileen eros ahalmena ez da bizitzaren garestitzearen arabera igoko. «Lanean behin behinean daudenen %15a behin betiko langile izatera pasako direla garaipentzat saldu dute, baina, bost urtean bederatzi langile baino ez dituztela egingo behin betiko esan nahi du horrek». 80 lagunetik gora jubilatuko direla kontuan hartuta, erabaki hori «lotsagarria» dela salatu dute ELAk eta LABek.
 
Langileen lan baldintzen inguruan «hobetzeko» dituzten beharren zerrenda «amaigabea» dela esan dute, eta salatu dute CCOO, UGT eta USO sindikatuek ez dutela «zirkinik ere egin horiek mahai gainean jarri eta lan-baldintzak hobetzeko». «Langileok momentu honetan ordutegiekin dugun malgutasunak faktura ikaragarria pasa digu, eta gainera, lanerako ordu gehiago sartu dizkigute», gaineratu dute.

ELA eta Lab sindikatuek «aipagarritzat» jo dute oporretarako astebete falta zenean negoziazioa hasi izana. ELA eta LAB sindikatuak eta langileen asanblada «negoziaziotik kanpo uzteko» erabakia dela uste dute bi sindikatuek. Bi sindikatuek azaldu dute negoziazioa urte amaieran hasi beharko litzatekeela.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide