Kale Nagusia 4. zenbakiko eraikina botatzen hasi dira

Maxixatzen.eus 2018ko uzt. 24a, 20:23

Gaur hasi dira Kale Nagusia 4. zenbakiko eraikina botatzen. Eraikina «hondamendi egoeran» zen aspalditik. Eusko Jaurlaritzak otsailaren 6an egindako Gobernu Kontseiluan onartu zuen Kale Nagusia 4. zenbakiko etxearen desafektazioa. Bertaratutako herritarrek adi-adi jarraitu du gaur hasitako erainstea. Lanekin bihar goizean jarraituko dute.

 

Eraikin hori pribatua zen, eta orain arte babestuta egon da Kultura Ondasun gisa izendatuta zegoelako, Azkoitiko Hirigune Historikoa Monumento Multzo izendapenarekin batera. Horregatik, Udalak ez zuen eskumenik eraikin hori botatzeko. Horrelakoetan, beharrezkoa da aurretik Euskadiko Ondare Arkitektoniko Momumentalaren Aholku Batzordeak etxea desafektatzea –babesa kentzea – hondamendi egoeran daudela aitortu ostean. Behin hori guztia lortuta, gaur hasi dira eraikina botatzen.

2016aren amaierarako tramite guztiak eginak zituzten, eraikina hondamendi egoeran deklaratu eta desafektazioa aurrera eramateko. Ondoren, Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako txosten teknikoak ontzat eman ostean, desafektazio prozesua hastea erabaki zuen eta horrela argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 2017ko urriaren 9an.

Bien bitarteko zereginak

Prozesu hori guztia aurrera eraman bitartean, Udalak hainbat neurri hartu behar izan ditu, «segurtasuna bermatzeko» eraikinaren egoerak okerrera egin duelako denborarekin. Esaterako, Kale Nagusia 2. zenbakiko bizilagunei terrazara ateratzea debekatu zitzaien eta 4. zenbakiko etxearen atzealdeko fatxadaren orri bat bota zen. Eraikin osoa ez zegoen babestuta, aurrealdea bakarrik. Halaber, Udalak ibai aldeko zonaldea itxi eta seinaleztatu zuen. Ur Kontsortzioak ere bertatik igarotzen den hornitze hoditeria indartu behar izan zuen zementuarekin prebentzio modura.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide