Bisita gidatua egin dute dozenaka lagunek Munoaundira

Maxixatzen.eus 2018ko uzt. 21a, 13:33

Munoaundi Burdin Aroko herri harresitura bisita gidatua egin dute, gaur, dozenaka lagunek. Aranzadi zientzia elkartea indusketak ari da egiten hamahirugarren aldiz, Azkoitiko eta Azpeitiko Udalen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. Uztailaren 9az geroztik hogeita bost lagun inguru ari dira lanean Munoaundin, eta datorren zapatura bitartean arituko dira.

Aurten iaz egindako lanen jarraipena ari dira egiten arkeologoak. Orain arteko lan arkeologikoaren emaitzak bi zonaldetan daude zabalduta. Batetik, lehen eremuan, herriko sarbidearen aztarnak dituzte aurkituta. Bestetik, bigarren eremuan, etxebizitzen eta eguneroko jardueren informazioa ari dira jasotzen. Lur geruzak kendu ondoren, Munoaundiko herrian egon ziren aztarnak ari dira agertzen pixkanaka. Gehienak erorita dauden arren, arkeologoak arbasoen historia ari dira berreskuratzen. Indusketetan agertzen den materialari esker jakin daiteke garai hartako biztanleek zer jaten zuten, zer erabiltzen zuten jakiak prestatzeko eta gordetzeko, nola egiten zituzten jantziak... Lagin horiei esker, gainera, garai hartako klima zein zen jakin daiteke, zein zuhaitz mota zegoen herriaren inguruan, zer baliabide ustiatzen zuten, eta lehengaien tresnak nondik lortzen zituzten.

Elkartearen helburua da, batetik, harresian, terrazamenduan eta bizitokietan aztarnak aurkitzen jarraitzea, eta aztarnategiko langinak hartzea; izan ere, azken indusketetan bi etxebizitzen aztarnak aurkitu zituzten. Laginak Munoaundin bertan hartzeaz gain, inguruetan ere aritu da arkeologia taldea, Mundoaundi inguruan bizitza aztarnak egon daitezkeela uste baitute. Harrizko harresirik gabeko bizitokiak eta material galkorrez egindako eraikitako hesiekin egindako bizitokiak izan zitezkeela uste dute. Txalintxon eta Altamiran, esaterako, bizitoki baten aztarna dokumentatuak eta metalurgiarekin lotutako gune baten arrastoak aurkitu dituzte, hurrenez hurren.

Herri harresia

Harresi batek babesten zuen herria, 352-355 metroko sestra-kurbako altueran. Teledetekzioaren bidezko azken ikerketaren arabera, perimetro osoa babesten zuen harresiak; 900 metro inguruko perimetroa izan zezakeen harresiak. Harresia egiteko harrizko bi horma eraikitzen zituzten eta lurrarekin eta harri koskorrekin betetzen zuten bi horma horien tartea. Hormak, gainera, bertako harriarekin egin zituzten, inolako kareorik erabili gabe. Guztira bi metroko zabalera zuen harresiak, eta galdu egin den arren, hiru-lau metroko altuera izan zezakeen. Erliebeari ondo egokituta zegoen eta zonalderik ahulenak ondo babestuta. Azaldu dutenez, horrelako lan bat egiteko ingurunearen eta eraikuntza-tekniken ezagupen zehatzak zituzten garai hartako biztanleek. Antolakuntzan ere eskarmentua zutela adierazi dute, harresi lana egiteko jende eta denbora askoren beharra baitzegoen.

Harresi horren barruan, etxebizitzak eraiki zituzten. Material galkorrez egindako etxeak ziren, zura eta lurra erabiltzen baitzituzten hormak altxatzeko; batzuetan harrizko oinarriak zituzten. Teilatua, ziurrenik, lastozkoa izango zen. Etxeak etxaldeetan pilatuta edo harresiaren gaineko terrazamenduetan antolatu zituzten, harresia baino metro batzuk atzerago eta denak pilatuta. Etxebizitzaren barruan, berriz, eguneroko eginkizunak egiteko hainbat espazio zituzten: otorduak prestatzeko gunea, ehuntzeko eta tresnak prestatzeko gunea... Biltegia ere bazuten, eta bertan, besteak beste, zerealak eta bestelako jakiak gordetzeko zeramika-ontzia zuten.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide