Azkoitiko Eusko Alkartasunak tokiko antolakuntzaren berri eman du

Maxixatzen.eus 2018ko uzt. 20a, 12:35

Uztailaren 3an, Azkoitian burututako Eusko Alkartasunaren Herri Batzar Eratzailean, bertako toki antolakuntza eratu zen. Azkoitiko afiliatuek Batzorde Eragilea osatuko zuten pertsonen izendapenak bozkatu zituzten. Juan Ignacio Gogorza koordinatzaile, Manuel Gabilondo diruzain eta Eli Alberdi idazkari izendatu berri dituzte.

 

Ia hiru urtez Azkoitiko EAren oinarriak ez du bere herriko tokiko antolakuntzarik izan, eta orain erronak horri «gogoz eta ilusioz» heltzen dio EAk, «herrian duen dinamismoa berreskuratu» nahi baitituzte. Azkoitiko EAk, «espazio abertzalearen eta sozialdemokrataren erreferente» izan nahi du. Bide horretan herritarrak Eusko Alkartasunaren «proiektuan parte hartzera» gonbidatzen ditu, «etorkizun hobea posible» dela uste baitute.

Azkoitiko Eusko Alkartasunaren tokiko antolakuntzak zehaztu ditu jada datorren ikasturte politikorako helburu nagusiak. Alderdia «sendotzen» jarraitzearekin batera, EH Bildu koalizioko gainerako kideekin «jarduera eta parte hartzea normalizatu» nahi dituzte. 2019ko Udal eta Foru hauteskundeak prestatzen hasiak dira, eta gainera, egoitza propioa berreskuratu nahi dute, bere jarduera politikoa garatu ahal izateko. Izan ere, EAren Nazio Batzorde Eragileak Azkoitiko alkartetxea alokatzeko erabakia hartu zuen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide