Andramaixek 2018

Mailu Irizarrek eta Ixabel Jauregik botako dute andramaixetako txupinazoa

Maxixatzen.eus 2018ko uzt. 19a, 10:07

Bi emakume igoko dira aurtengo andramaixetan udaletxeko balkoira festei hasiera emateko. Mailu Irizarrek eta Ixabel Jauregik izango dute txupinazoa botatzeko ohorea.

 

Atzo arratsaldean bildutako Kultura batzordeak aho batez hartu zuen erabakia, alderdi guztietako ordezkariek babestu baitzuten mahai gainean zen proposamena. Jada jakinarazi zaie aurtengo festei hasiera emango dieten protagonistei. Pozik eta harriduraz hartu dute albistea biek.

«Jauregik eta Irizarrek merituak soberan dituzte. Hezkuntza alorrean sekulako lana egin dute gaztetxeoen artean euskara eta euskal kultura sustatzen eta euskal munduaren eta tradizioen transmisioan», adierazi du Azkoitiko Udalak.

Honela azaldu du Kultura zinegotzi Sonia Vazquezek: «Gaur egungo gaztetxoak bertsoak abestera taula gainera ateratzen badira, edo Santa Ageda bezperan makilak hartu eta koplak kantatzen ikusten baditugu, Ixabel Jauregi edo Mailu Irizar bezalako jendeak urtez urte eta etsi gabe, gizarteari egindako ekarpenagatik da. Ondo merezita dute omenaldi hau, batez ere, irakaskuntzan eta neska-mutilen artean, euren egunerokotasunean, isilik eta jardun apalean, euskara eta euskal munduari loturiko ondarea lau haizetara zabaltzen eta indartzen saiatzeagatik». Biek ogibide bera dute. Irakasleak dira, Jauregi berriki erretiratu den arren Xabier Munibe Ikastolatik. Mailu Irizarrek, ordea, Floreaga ikastetxean jarraitzen du.

 

Mailu Irizar

 

 

Ixabel Jauregi

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide