maxixatzen.eus

Iparraldeko ordezkaritza batek bisitatu du Azkoitia

  Euskara  Azkoitia

Ipar Euskal Herriko ordezkaritza batek bisitatu du, gaur, Azkoitia. 10:30ean iritsi dira herrira, eta segituan Juan Bautista Mendizabal Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Gipuzkoako buruak harrera egin die, Intxausti Jauregian. Mendizabalek Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak orain arte iparraldearen eta hegoaldearen artean egindako lotura azaldu die etorri diren 35 lagunei. Besteak beste, Azkaine, Donibane, Baiona, Garazi eta Bidarrai herrietatik etorri dira Azkoitira.

Iparraldeko ordezkaritza batek bisitatu du Azkoitia
Iparraldeko ordezkaritza, Intxausti Jauregiaren aurrean. | Ikusi handiago | Argazki originala

 

Euskaltzaleen Biltzarra Elkarteko kideak izan dira, gaur, Azkoitian. Besteak beste, Mizel Jorajuria elkarteko zuzendaria eta Gillermo Etxeberria euskaltzalea izan dira herrian. Euskaltzaleen Biltzarra da iparraldeko euskararen eta euskal ekintzen bultzatzaile nagusia. Iaz, Iruñea eta Asteasu bisitatu zituzten, eta gaur Azkoitia ezagutzeko aukera izan dute. Intxausti Jauregia ezagutu ondoren, herrian bisita gidatua egin dute Juan Bautista Mendizabalen eskutik. Sarako Joanes Etxeberri eta Bizenta Mogel idazleen etxeak eta parrokia bisitatu dituzte lehenik, eta Joseba Jatetxera bazkaltzera joan aurretik Javier Zubizarreta alkateak harrera egin die udaletxean.

Mizel Jorajuria Euskaltzaleen Bitzarra Elkarteko zuzendariak azaldu du, «Azkoitia ezagutzea berria da askorentzat, hegoaldean ez baigara asko ibiltzen», hasi da zuzendaria. «Azkoitia aberatsa dugu historian eta kulturan, eta gure nahia da etorri direnei herria erakustea», esan du aurrekoari jarraipena emanez. Ondoren, zuzentzen duen elkartearen inguruan mintzatu da Jorajuria. «Gure elkartea iparraldeko elkarterik zaharrena da, 1901ean sortua da; hemen, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea zaharragoa eta aberatsagoa dela ikus dezakegu», azaldu du Jorajuriak.

Gillermo Etxeberria, ezkerrean, eta Mizel Jorajuria, eskuinean.

Euskara eta Euskal Herria egitura izan ditu hizpide gero. «Gu beti prest izaten gara iparraldearen eta hegoaldearen arteko lotura egiteko. Plazerra da guretzat jakitea hegoaldea azkar dugula», adierazi du ondoren. Orain urratsak eman diren arren, iparraldean Euskal Herria «egiturarik ez» dutela esan du. Iparraldeko kostaldean «itoak» daudela azaldu du, eta hegoaldean herri bat edozein arlotan euskaraz ari dela ikusteak «bihotza piztu» egiten duela eta etxera «indarberrituta» itzuliko direla adierazi du.

Egan aldizkaria eta Euskalerriaren Adiskideen Elkartea

Gillermo Etxeberria euskaltzalea ere Azkoitian izan da. Egan Euskalerriko Adiskideen Elkarteak duen euskarazko aldizkariko idazleetako bat izan da. Aldizkaria 1947an sortu zen, eta kazetaren nondik norakoak azaldu ditu segidan. «1953an, Koldo Mitxelenak, Antonio Arruek eta Angel Irigaraik erabaki zuten aldizkariak euskaraz izan behar zuela», hasi da Etxeberria. Urtero lau ale kaleratzen zituen Egan aldizkariak. Hiru idazle horien lekukoa Juan San Martin Euskaltzaindiako kideak hartu zuen, baina hark gero Ararteko kargua hartzea erabaki zuen. Hiru urte goraberatsu pasa zituen aldizkariak, baina, 1992an, gaur herrian izan den Gillermo Etxeberriak eta Luis Mari Mujikak hartu zuten aldizkariaren kargua. Harrezkero, lau literatur ale kaleratu dituzte urtero. Oinarria da kritika literarioa egitea, sormenari garrantzia ematea eta albiste literarioak egitea. Duela bi urte, Luis Mari Mujika hil ostean, erabaki zuen Gillermo Etxeberriak aldizkariak bide eta ideia berriak eta jende gaztea behar zela. Talde berria lortu dute, eta «martxa onean» dela adierazi du.

Harrera udalak

Herriari bisita egin ondoren, udaletxean izan dira. Javier Zubizarreta alkateak ongi etorria egin die guztiei, eta esan du «oso pozik nago, besozabalik hartzen zaituztet Azkoitiko herriaren ordezkari bezala», adierazi du alkateak. Udaletxea eta inguruak ikusmin handiz ikusi dituzte Azkoitira etorritako bisitariek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa