Real Sociedad-Real Union neurketa aurkeztu dute, Txerloian

Maxixatzen.eus 2018ko uzt. 18a, 15:25
Artetxe Anaitasunako entrenatzailea, Zubeldia, Azkoiti eta Urdapilleta presidentea. (Argazkiak: Anaitasuna)

Real Sociedad eta Real Union taldeek lagunartekoa jokatuko dute Txerloian datorren asteazkenean, uztailak 25. 19:00etan hasiko da donostiarren eta irundarren arteko denboraldi-aurreko neurketa. Bi taldeez gain, bestelako interes puntu bat izango du norgehiagokak. Mikel Azkoiti eta Igor Zubeldia futbol jokalari azkoitiarrek elkarren aurka jokatuko dute. Atzo, asteartea, Txerloian aurkeztu zuten lagunartekoa Pedro Urdapilleta Anaitasunako presidenteak, Xabier Artetxe Anaitasunako gizonezkoen lehen taldeko entrenatzaileak, Igor Zubeldiak eta Mikel Azkoitik.

 

Txuribeltzen eta txuri-urdinen arteko lagunartekoa Anaitasuna Futbol Taldeak antolatu du. Talde gorrixek azaldu duenez, «punta-puntako jokalariak bertatik bertara jarraitzeko aukera» izango dute futbol zelaira joaten direnek. Txerloiako txarteldegian sarreren bitartez lortzen den dirua Anaitasunak jasoko du zuzenean; neurketak klubari «bultzada» ematen lagunduko diola azaldu du Anaitasunak.

Jokalariek deia zaleei

Igor Zubeldia eta Mikel Azkoiti jokalariak neurketa jokatzeko «gogotsu» daudela adierazi dute. «Herrian jokatzea berezia da. Ez dut Txerloian jokatzeko aukera handirik izan; azkena jubenil mailan jokatu nuen», azaldu du Igor Zubeldiak Realeko jokalariak. «Realarekin, eta gainera, beste azkoitiar baten aurka jokatzea polita izango da. Jende ezagun asko etorriko da zelaira; Realarentzat garrantzitsua da partidak Azkoitia bezalako herrietan jokatzea», gaineratu du Realeko erdilariak. «Arratsalde polita izango da, eta guztiei Txerloira etortzeko esan nahi diet», adierazi du, azkenik, Zubeldiak.

Mikel Azkoiti Real Unioneko jokalariak ere animatu ditu futbolzaleak. «Gustora nago berriz herrian jokatzeko aukera dudalako, eta gainera Realaren aurka, motibazio bikoitza dut», adierazi du Azkoitik. «Motibatuta zelairatuko gara, ziur. Ea partida polita irteten den eta jende asko etortzen den», azpimarratu du txuribeltzen erdiko atzelariak. «Denboraldi-aurreko neurketa izateko partida polita da, eta Anaitasunari bultzada emateko balioko duenez, jendeari Txerloira joateko eskatu nahi nioke», esan du.

Sarrerak astelehenetik aurrera salgai

Sarrerak Txerloiako txarteldegian jarriko dituzte saltzen. Astelehenean eta asteartean, 19:00etatik 20:00etara egongo da zabalik leihatila. Neurketa egunean, berriz, ordubete lehenago, 18:00etan, irekiko du Anaitasunak sarrerak eskuratzeko txarteldegia. 0-4 urte bitarteko ikusleentzako sarrera, lau urtekoak barne, doan izango da. 5-18 urte bitarteko zaleentzako sarrera 3 euro da. Sarrera orokorra 10 euro izango da, eta harmailetako edo tribunako sarrera 15 euro.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide