Silence eta Gatibu musika taldeen kontzertuak, zapatuan

Maxixatzen.eus 2018ko uzt. 17a, 09:27

Um Blem Ble Azkoitiko tabernarien elkarteak eta Azkoitiko Udalak elkarlanean, maiatzeko azken ostiralean baieztatu zituen datorren zapatuan herriko plazan kontzertua emango duten bi taldeak. Silence Azkoitiko gazte taldea eta Gatibu Bizkaiko talde ezagunak, 22:00etatik aurrera. Bi zuzenekoak doan ikusteko, entzuteko eta bizitzeko aukera izango da zapatuan.

 

Gatibu Bizkaiko Gernika-Lumo herrian 2002an sortutako euskal rock taldea da eta laukote bezala egin du gaur arte argitaratutako sei disko eta zuzeneko bat. Bere lehendabiziko abestietatik argi eta garbi antzeman daiteke taldea euskal kulturako lerro musikal hedatuenetarikoa izateko jaioa izan dela. Hamarkada pasatxo bateko bizitzan bere lanen joera soinu naturalago, gozoago eta irekiago baten bilaketan bideratu duela azpimarra daiteke.

Bere musika-estiloa bizkaitar euskalkian abesturiko rock koloretsua da oinarrian, melodiaz betea eta bizia. Hamalau urte hauetan ehundaka kontzertu eman izan ditu taldeak Euskal Herriko zazpi kantoietan zehar, aretoak eta plazak leporaino beteaz.

 

Silence herriko gazte taldeak, berriz, 27. Gaztea Maketa Lehiaketan parte hartu zuen, eta entzuleen botoei esker 2.500 euroko GazteBizHitza saria jaso zuen, joan den apirilean. Orain dela aste gutxi, Zoriona kantaren bideoklipa aurkeztu berri dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide