Kanpoan den euskal gazteriari buruz aritu da Marcos Muro sailburuordea

Maxixatzen.eus 2018ko uzt. 13a, 15:00
Marcos Muro Intxaustin hitzaldia ematen.

Marcos Muro Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gazteriako sailburuordea Intxausti Jauregian izan da, gaur. EHUren Udako Ikastaroen baitan 'Migrazioa eta mugikortasuna kanpoan den Euskal Komunitatean' ikastaroa, eta 'Kanpoan den euskal gazteria' hitzaldia eskaini du.

 

Eguneko bigarren hitzaldia eskaini du Muro sailburuordeak, eta hainbat datu eman ditu kanpoan bizi den euskal gazteriari buruz. Gizarte euskalduna zahartzen ari den gizartea dela esanez hasi du solasaldia, eta etorkizunean 100.000 lanpostu beharko direla adierazi du. «Talentua falta da», azaldu du.

Atzerrian bizi dira 16 eta 35 urte baino gutxiago dituzten euskaldun asko. Gazteen Euskal Behatokiaren arabera, 7000 gazte inguru daude euskal lurretatik kanpo. «Beti egon izan dira atzerrira joan diren gazteak. Gehienak lan bila joan dira, baina lana egin eta gero itzuli ez diren asko daude, eta hori da Eusko Jaurlaritzaren arduretako bat», gehitu du sailburuordeak.

Esan du, atzerrira joandako %85ak ikasketak dituela, eta hiru laurdenek lana lortu duela. Atzerrian lana egiteko arrazoiak zein diren ere azaldu du segidan. «Ikerketa beka bat edo praktikaldiagatik joan dira gehienak, bizipen berriak bizitzeko besteak. Hemen duten lanetik atzerrira joandakoak ere badira, eta Euskadin aurkitu ez dutelako kanpora joan direnak ere ezagutzen dira», azpimarratu du Murok. Itzultzeko presioen inguruan azaldu du, atzerrira joandakoen erdia inguruk itzultzeko joera duela, baina beste erdiak ez duela asmo bera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide