Adinekoen egoitzetako lan hitzarmena berritzea eskatzeko, mobilizazioak hasi ditu ELAk

Maxixatzen.eus 2018ko uzt. 12a, 13:35

ELA sindikatuak mobilizazioak hasi ditu adineko egoitzetan. Gipuzkoako adinekoen egoitzetan lan hitzarmenak berritzeko negoziazio mahaia urtebetez egon da irekita. 2015-2016 urteei dagokien hitzarmena dute indarrean egun adinekoen egoitzetan, eta datozen bi urteetarako sinatu nahi dute lan itun berria.

 

Langileen asmoa da, soldatak igotzea eta baja eta kontzilizazio baldintzak hobetzea. Sindikatuaren nahia da sektoreko hitzarmena onartzea aurrena, eta ondoren, hura egoitzaz-egoitza sinatzea. Azkoitiko San Jose egoitza dago tartean, Urola Kostako beste hainbat adineko egoitzarekin batera. Egoera hori salatzeko mobilizazioekin hasiko dira. Bihar, esaterako, ekitaldia egingo dute Gipuzkoako hainbat langilek eta ordezkarik. Irailetik aurrera, berriz, greba egingo dutela iragarri dute. 16 greba egun iragarri dituzte irailetik abendura bitartean: irailean greba egun bat, urrian hiru, azaroan bost eta abenduan zazpi.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide