Iñigo Antsorregi: «Gaur atzo baino aktore hobea sentitzen naiz»

Maxixatzen.eus 2018ko uzt. 12a, 08:33
Iñigo Antsorregi, ezkerrean.

Iñigo Antsorregi (Azkoitia, 1993) ETB2 kateak estreinatu duen ‘Vaya familia’ izeneko kamera ezkutuko saio berriko aktoreetako bat da. Ostiraletan, 22:30ak aldera, eskaintzen dute saioa. Bizipen eta egoera desberdinak landu behar izan ditu aktore azkoitiarrak, eta «oso aberatsa» izan dela aitortu du. Telesailak lehen zen aktorea baino hobea sentitzen lagundu dio Antsorregiri.

 

ETB2 kateko ‘Vaya familia’ izeneko umorezko saioko aktoreetako bat zara. Zeri buruzko saioa da? Zenbat saio grabatu dituzue? Non?

Vaya familia kamera ezkutuko saio berri bat da. Hau da egoera: pertsona batek bere bikotekidea gonbidatu du Getariako nekazaritza etxe batera, bere familia han dagoela eta aurkeztu egin nahi dizkiola esanez. Baina biktimak ez daki Getarian aktore talde bat aurkituko duela eta bere bikotekidea aktore horien konplizea dela. Tentsio handiko egoera barregarriak biziko ditu. Guztira bederatzi saio grabatu ditugu, guztiak Getarian bertan.

Zuk zer zeregin izan duzu?

Zazpi ataletan egongo naiz. Pertsonaia guztiz desberdinak antzeztu behar izan ditut; ez naiz beti familiako semea izan. Atal batean aizkolari batena egin nuen: nekazaritza etxera agertzen nintzen, biktima ikaratzeko asmotan. Beste atal batean, berriz, Castroko [Kantabria, Espainia] zinegotzi batena egin behar izan zuen, biktima eta konplizea ezkontzeko asmotan agertuz. Zorte ikaragarria izan dut: aktore moduan horrenbeste erregistro desberdin jorratu ahal izatea oso aberatsa izan da.

Nolako erreakzioak izan dituzte txantxa egin dieten biktimek?

Txantxa bakoitzak hiru ordu iraun du, eta denbora horretan guztian era guztietako erreakzioak ikusi ditugu. Batzuk barrez lehertzen ziren, baina haserreak ere izan dira tartean, normala den moduan. Une asko kendu behar izan genituen hainbatetan; biktima batzuk alde egiteko zorian izan genituen, eta ia ukabilkada bat ere jaso nuen. Zorionez, dena txantxa bat zela esandakoan, oso ondo erreakzionatu zuten eta umorearekin hartu zuten.

Biktimen erreakzioak direla eta, gidoiari jarraipenik eman ezin eta inprobisatzerik egokitu al zaizu?

Inprobisazioa izan da gakoa saioan. Nahiz eta gidoia eduki, inoiz ez dakizu pertsonak nola erreakzionatuko duen. Azken finean, ez zara aktore batekin ari lanean, pertsona arrunt batekin baizik. Castinga egiten hasi ginenean azpimarratu ziguten inprobisazioaren garrantzia, eta horretarako geneukan gaitasunaren arabera ebaluatu gintuzten.

Antzerkian gehiago aritutakoa zara telebistan baino. Bietan aktore lana bete duzu, baina zer duzu nahiago?

Lau urte daramatzat Donostiako Teatro Estudio antzerki taldean, eta hiru antzezlanetan lan egin dut. Iaz, ekainean, nire lehen mikroantzerkia estreinatu nuen Donostiako La Farandulan, Nerea Gorriti eta Ane De Miguel aktoreekin. Telebistan, Vaya familia izan da nire lehen lana aktore protagonista moduan. Aurretik, Goenkale eta Aitaren etxea telesailetan lan egina naiz, baina atal bateko pertsonaiak egin nituen saio bakoitzean. Zer nahiago dudan? Antzerkia asko gustatzen zait aktore gisa, zuzenekoagatik, baina telebista ere izugarri atsegin dut. Zaila egiten zait aukeratzea, biek asko eman baitidate.

Gai asko landu dituzu, eta gai bakoitza desberdina izan da. Zein generotan murgiltzen zara ondoen antzezteko orduan? Zergatik?

Betidanik, komedian. Jendeak komedia egitea zailagoa dela esaten dit, baina ez dakit zer esan. Niri errazagoa egiten zait barrea ateratzea, edota kritika bat puntu komikotik egitea. Vaya familia-ko zuzendariak, Ainhoa Alzibarrek, aurpegi oso barregarria dudala esan zidan; agian horregatik izango da, kar-kar-kar.

Txantxak egiteko saioa da ‘Vaya familia’. Saio horiek harrera ona al dute ikus-entzuleen artean?

Normalean, bai. Espainiar telebistan mota horretako saio asko egon izan dira, eta arrakastatsuak ziren; ETBk garai batean egindakoak ere bai.

Nondik datorkizu antzezteko zaletasuna?

Txiki-txikitatik izan dut. Ez dakit noiz hasi zen; gogoratzeko gai naizen garaitik, nik aktore izan nahi nuen. Txikitan amak zinemara eramaten ninduen beti, eta seguru asko hortik sortuko zitzaidan zaletasuna. Pailazo samarra ere banintzela aitortu behar dut, eta oraindik ere banaiz, kar-kar-kar.

Saioko protagonistetako bat izango zara. Horrek aurrera begira lan munduko ate gehiago zabalduko dizkizula uste al duzu?

Baliteke. Halere, ez zait ate guzti-guztiak zabaltzea interesatzen. Ez dut publizitatea egin nahi, ez doa nirekin. Behin egin nuen, eta listo; ez dut errepikatu nahi. Gaur egun aktoreak gauden egoeran, ordea, auskalo. Telebista erakusleiho ona da, baina ez du ezer ziurtatzen gaur egun.

Grabaketak eginda, zer ikasi duzu saio horretatik?

Telebistarako antzezten, bereziki. Nire lehen egunean ohartu nintzen ez nekiela telebistarako antzezten. Antzerkitik nator, eta oso desberdina da antzezteko modua. Tratu ederra pasarazi nion zuzendariari, kar-kar-kar. Baina, tira, hurrengo proiektuetarako segurtasuna eman dit. Aktore fazeta alde batera utzita, eta Miriam Cabeza aurkezleak elkarrizketa batean esan zuen moduan, soziologia kurtso baten modukoa izan da esperientzia: jendea ezagutzen eta aurrez ez epaitzen ikasi dut.

Lantaldean eskarmentu handiko lagunik egon al da? Gomendiorik eman al dizute?

Antzerki, zinema eta telebista munduan ibilbide luzea duen jendea aurkitu dut: Miriam Cabeza, David Pinilla, Isabel Agirrezabala, Maialen Urbieta, Chema Trujillo, Edith, Aitor… Kamera atzean ere eskarmentu handiko jendea egon da: Alvaro Manzano eta Ana Goitia, adibidez. Asko ikasi dut haiengandik. Haiei esker, gaur atzo baino aktore hobea sentitzen naiz, eta hori ez dago diruz ordaintzerik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide