Joanes Balenziaga izkingilea Iruñeko zezen plazan lehiatuko da

Maxixatzen.eus 2018ko uzt. 6a, 09:00
Joanes Balenziaga.

Joanes Balenziaga azkoitiarrak Iruñeko sanferminetako izkingile txapelketan hartuko du parte, bihar, 11:00etan. Iruñeko zezen plazan arituko da Patxi Sanchez nafarrarekin batera. Txapelketaren xedea da zezenaren adarrean ahalik eta uztai gehien zintzilikatzea.

 

Ozcoz, Eulogio Mateo eta Marcen ganadutegiko zezenen aurrean guztira hamar bikote lehiatuko dira biharko txapelketan. Txapelketa zuzenean jarraitzeko sarrerak gaur jarriko dituzte saltzen Iruñeko zezen plazako leihatilan. Ordutegia honako hau da: 10:00etatik 13:00etara eta 20:30etik 22:00etara bitartean.

Uztai Izkingileen Liga Nazionalean ari da lehiatzen Balenziaga. Guztira estatu espainiarreko zortzi zezen plaza zapaldu ditu azkoitiarrak. Orain arteko emaitzarik onena Calahorran (Errioxa, Espainia) lortu du izkingileak. Ander Lizarralde billabonatarrarekin bigarren postua lortu zuen bertan. Teruelen ere finalera iritsi zen Balenziaga, eta bertan hirugarren postuan amaitu zuten. Bihar, zapatua, Ablitas herriko (Nafarroa) Patxi Sanchezekin arituko da, Iruñeko zezen plazan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide