Greban jarraitzea erabaki dute Sammiceko langileek

Maxixatzen.eus 2018ko uzt. 5a, 18:52

Pasa den astelehenean, uztailak 2, greba mugagabeari ekin zioten Sammic S.L. enpresako langileek. Aurrez bost greba egun egin zituzten, baina akordiorik izan ez zenez, greba mugagabea hasi zuten. Enpresa batzordea eta enpresako zuzendaritza hitz egiten hasi ziren greba mugagabea hastearekin batera.

 

Astelehenean izan zuten lehen bilera, eta akordio batera iristeko «pausoak» eman dituzten arren, gaur berriz ere «blokeo egoerara» iritsi direla azaldu du Sammiceko langile batzordeak ohar baten bidez. «Enpresak bere marra gorria markatu du eta enpresa batzordeak ere bai. Bi marra gorri horiek ez dira bateragarriak», adierazi dute. Gaur arratsaldean langile batzarra egin dute. Jakinarazi dutenez, komiteak grebarekin jarraitu eta negoziatzen jarraitzearen aldeko «apustua» egin nahi izan du. «Grebarekin amaitu eta enpresako zuzendaritzaren proposamena onartzea zen aukera», azaldu dute. Aukera horiek ikusita, greban jarraitzea erabaki du batzarrak bozketa bidez; langileek aurrez hartutako bidearekin jarraitzea erabaki dute.

Ezadostasuna inaplikazio klausularekin edo blindatze klausularekin dago. «Enpresak ez du puntu hori onartu nahi. Puntu horrek gauza bakarra esaten du: sinatutako akordioan adostutakoa errespetatuko dela. Behin akordioa sinatuta, enpresak onartutakoa aldatu edo ez aplikatzeko aukera izan nahi du», gaineratu dute langileen batzordetik. Sammiceko langileak ez daude hori onartzeko «prest». «Behin sinatutakoa errespetatuko denaren bermea nahi dugu», azpimarratu dute. Batzarra egin ondoren zuzendaritzarekin bildu dira, baina ez dituztela hartu esan dute batzordetik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide