700.000 euro inguru bideratuko ditu Aldundiak Azkarate gainean bide-zoruaren egitura birgaitzeko

Maxixatzen.eus 2018ko uzt. 3a, 17:48

«GI-2634 errepideko zati horretan kalte handiak sortu ditu neguak», azaldu dute Aldunditik. Arrazoi hori abiapuntu hartuta Gipuzkoako Foru Aldundiak Azkarate gaineko bide-zoruaren egitura birgaituko du. Adierazi dutenez, obrak irailean hasiko dira eta lanek bi hilabete eta erdi iraungo dute.

 

GI-2634 errepidean, 33 eta 36, kilometroen artean, bide-zoruaren egitura birgaitzeko proiektuaren obrak kontratatzeko prozesuari hasiera eman dio, gaur, Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak. 726.322,62 eurokoa izango da aurrekontua. Azkarateko gainean egingo dira lanak, bi norabideetan, ia hiru kilometroko zatian.

Aipatutako zati horretan, «zamen kargek eraginda, zoruaren egitura akitua dagoela antzeman da, hala nola luzerako arrail edo pitzadurak eta sare meheko eta lodiko zartadurak ageri dira», azaldu du Imanol Lasa Foru Aldundiko bozeramaileak eta Gobernantza diputatuak. Arazo horiek «areagotu» egin dira «azken hilabeteetan izandako eguraldiaren ondorioz», gehitu du Lasak. «Egitura birgaitzeko lanen bidez oraingo zoruak duen egituraren gaitasuna handitu nahi da, era horretan zerbitzu-aldian aurreikusitako trafikoaren eraginetara egokitzeko; aldi berean, egituraren funtzionaltasunaren ezaugarriak hobetu —segurtasunari eta erosotasunari dagokienez— eta zoru osoa babestu nahi da iraunkortasunaren, iragazgaiztasunaren eta uniformetasunaren ikuspegitik», adierazi du diputatuak.

«Neguko klimatologiak nabarmen kaltetu ditu goi kotetan kokatutako errepideetako zoruak, gatzak azkarrago hondatu du haien egoera, eta presazko esku hartzeak egitera behartu du Aldundia», azpimarratu du Lasak. «Kamioien eta ibilgailu astunen trafikoa» gehitu behar zaio horri, Azkarateko errepidean «ohikoa» dena. Haren esanetan, Azkoitia eta Elgoibar lotzen dituen bide azpiegitura horren erabiltzaileek azken aldian sarritan eskatutako aktuazioa da gaur Diputatuen Kontseiluak onartutakoa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide