Talka konponketak: «Eskulan asko egin behar da, baina guri gustatu egiten zaigu»

Maxixatzen.eus 2018ko abu. 2a, 11:10

2010ean Talka konponketak denda ireki zuten Aitziber Iribekanpos Larrañagak (Azkoitia, 1972) eta Aitor Berasategi Orbegozok (Azpeitia, 1975) Ibai Ondo kaleko 9. zenbakian. Batez ere, oinetakoak konpontzea da euren eguneroko lana. Ardura handiz egiten dute, eta beti bezeroen beharretara egokitzen dira.

 

Zein izaten dira zuen eguneroko zereginak?

Aitor Berasategi: Zapatei azpiak jarri, zulatutako zapatilak josi, zorrozketak eta giltzen eta urrutiko aginteen kopiak, batez ere.

Oinetakoekin erlazionatutako bestelako materiala ere saltzen duzue?

A.B: Bai; hanka berezia edo juanetea dutenentzako zapatak saltzen hasi gara pixkanaka, jendeak hala eskatuta. Horiez gain, barne-zolak, lokarriak, betunak, larrua zaintzeko produktuak…

Nolatan bururatu zitzaizuen negozio hau irekitzea?

Aitziber Iribekanpos: Nire bazkide Aitor Berasategi lanik gabe gelditu zen, eta berari bururatu zitzaion negozio hau irekitzea. Galiziara joan zen ofizioa ikasteko ikastaro bat egitera. Hura bukatutakoan Azpeitian ireki zuen denda. Eta ondoren, bion artean, Azkoitian bigarren lokala ireki genuen.

Eskulanean oinarritzen da asko zuen lana. Lan gogorra al da?

A.I: Eskulan asko egin behar da, bai. Guri gustatu egiten zaigu, ordea. Jendearentzat zikina da gure lana. Bestalde, kaxa betetzeko eta soldata duina ateratzeko lan asko egin behar da. Horregatik ez dago jende asko ofizio honetan lanean.

Sinesmen handia izan duzue, beraz, proiektu honekin…

A.I: Bai. Lanerako prest eta oso gogotsu geunden.

Garai jakinen bat ba al dago jende gehiago etortzen dena?

A.B: Neguan eguraldi txarrarekin jende gehiago etortzen da, bai, zapatak bustitzen hasten zaizkienean eta.

Apala goraino beteta dago. Lana baduzue.

A.I: Bai, lan askorekin gabiltza orain, jaunartze eta ezkontza garaia ere badelako. Aldiz, Aste Santuan, Gabonetan, irailean ikasturte hasieran edota inauterietan, jende gutxi etortzen da, bestelako gauzetan buru-belarri daudelako edo.

Lanak banatuta izaten al dituzue?

A.I: Normalean Aitorrek konponketak egiten ditu eta nik josketak. Horrela antolatzen gara. Eta beste dena bion artean banatzen dugu. Baina nik zapatak konpontzen badakit eta berak josten ere bai. Izan ere, oporrak edo goixoaldiren bat badago, beharrezkoa da biok denetik egiten jakitea.

Jendeak hona ekartzen duena etxean egin ezin duelako da. Hori ona da zuentzat.

A.B: Etxean Loctiterekin itsasten saiatzen dira asko, baina ez du ondo heltzen. Prentsa behar izaten da askotan. Makina sinpleak dira gureak, baina etxeetan ez daudenak.

Zerbait gaizki irteten denean, zer?

A.I: Sekulako estualdia izaten da. Hori da lanbide honetan gutxien gustatzen zaidana. Norberarentzat denean askoz lasaiago egiten da lana, besteentzat denean kontuz ibili behar da.

Jatorra al da jendea?

A.I: Bai, bai. Egundoko harreman ona egiten da jendearekin. Asko gustatzen zait jendearekin tratua izatea.

Zein izaten da bezero ohikoena?

A.B: Era guztietako jendea etortzen da. Zapata oso ondo zaintzen dutenak 50 urtetik gorakoak dira. Gure belaunaldiak puskatutakoan berria erosteko joera handiagoa du; besteek, ordea, betunarekin-eta oso ondo zaintzen dituzte, eta gehiago irauten dute haienak.

Kontatzeko moduko anekdotarik?

A.I: Gizon batzuk ni lanean ikusten nautenean harriduraz begiratzen naute; «Zapatak konpontzen ikusten dudan lehenengo emakumea zara», entzundakoa naiz. Bestalde, behin giltza baten kopia egiteko eskatu zidan batek. Gaizki egin niola esaten zidan. Eta galdetu nion berak ekarri zidanak ondo irekitzen al zuen. Eta hau erantzun zidan: «Ez, bestela ez nizun ekarriko» [barrez].

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide