Omenaldi hunkigarria jaso dute Mintzalaguneko bidelagunek

Maxixatzen.eus 2018ko eka. 29a, 10:11

Mintzalaguneko bidelagunei, alegia, euskaldun berriekin euskara praktikatzeko biltzen diren euskaldun zaharrei, omenaldi hunkigarria egin diete. Udalak eta AEK-k sustatuta, euskaldun berriek beren esker ona adierazi nahi izan die bidelagunei, eskaintzen dieten denboragatik eta dedikazioagatik. Guztira, hemeretzi bidelagunek jaso zuten diploma eta oroigarri bana, euskaldun berrien eskutik

Udaletxeko bilkura aretoa goraino bete zen atzo, osteguna, bidelagunei egindako omenaldian. Ekitaldiari hasiera emateko, bideo hau eskaini zuten:

Mintzalagun programaren zortzigarren urtea da aurtengoa. Guztira, 27 dira omendutako bidelagunak, baina denek ez zuten ekitaldira joaterik izan. 39 lagunez osaturiko hamar taldek parte hartu dute azken edizioan. Egitasmoa abiatu zenetik 70 bat lagunek parte hartu dute. Mintzalagun programari esker, astean behin biltzen dira bidelariak, euskara hobetu nahi duten euskaldun berriak, bidelagunekin, hau da, euskaldun berriei euskara maila hobetzen lagunduko dien euskaldun zaharrekin.

Ekitaldian euskaldun berrien artean hitza hartzen lehenak Delia Santamaria eta Juanma Navarro izan ziren. “Gogoan dut –esan zuen Navarrok- euskaraz ez nekien garaian “belarrimotza!” esaten zidatela. Ez dakit esaten zuenak belarri luzeak ote zituen, baina astoa galanta bera. Ez ninduen euskara ikastera gehiegi animatu. Baina bertatik bertara, aurrez aurre, muturren parean galtzen nuenaz ohartuta, euskara ikasten hasi nintzen”. Elkarrekin igarotako orduak “aditza menperatzeko baino gehiagorako balio izan digu”, gaineratu zuen.

Bere aldetik Delia Santamariak jada gure artean ez dagoen Juan Karlos Merino bidelaguna ekarri zuen gogora eskertuz “euskara guztion hizkuntza dela erakusteagatik”.

Euskaldun zaharren, bidelagunen, ordezkari gisa, Juan Ramon Alberdik eta Yolanda Larrañagak Mintzalagun programari esker bizi duten esperientzia goraipatu zuten. Larrañagak egitasmoaren jatorria ere azaldu zuen. “Duela 25 bat urte edo, Alemaniara joan nintzen alemana ikastera eta Tandem izeneko eskolan sekulako zortea izan nuen zeren beste lagun batekin erdia gazteleraz eta erdia alemanez hitz egiten nuen. Nik orduan alemanez eta gazteleraz ikasi nuen. Esperientzia hura bizi eta gero, ikusi nuen zer nolako mesedea egiten zitzaion hizkuntzari eta Euskara zinegotzi nengoenean, euskara teknikariarekin batera, ideiari bueltak ematen hasi ginen. Herri ezberdinetako eredua ikusi eta Mintzalagun programa jartzea erabaki behar. Beti pentsatu izan dut Txinan edo Japonian jaio izan banintz, begi txikiagoak edo handiagoak, zuria edo beltza izango nintzela baina euskara gabe ezingo nukeela nik bizi, beraz zabaldu dezagun euskara”. Bertsotan eman zien amaiera bere hitzei Larrañagak.

Juan Ramon Alberdik esan zuenez gustura dagoelako jarraitzen du Mintzalagun programan. “Astean ordubete elkartzen gara eta jada lagun minak egin gara, gauza askotaz hitz egiten dugu, gauza pertsonaletaz askotan eta garrantzitsuena da euskaraz egiten dugula. Euskarara hurbiltze horretan laguntzea gauza polita da”

Mintzalagun egitasmoaren baitan emandako pasadizoak ere ezin ahaztu. “Gure taldean –kontatu zuen Larrañagak- “buenos días” esatetik dena euskaraz hitz egitera pasa gara eta gauza bitxi asko gertatu zaizkigu. Aurreko batean “fuegue” entzun nion bati. Mesedez nola esango duzu “fuegue” esan nion. Eta berak, “zuek zeate earrak, nahi dezutenin frigorifikue, telebisiyue, sillie… eta gero ezin esan fuegue…”

Ekitaldi amaieran, berriz, bertsoak eskaini zituzten Yolanda Larrañaga bidelagunak eta Eneritz Artetxe Erniarraitzeko bertsolariak.

 

Euskara ahotan, familia argazkiarekin eman zitzaion amaiera ekitaldiari, euskararen aldeko konpromisoa berretsiz.

Erlazionatuak

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide