EAJk diru publikoa «desegoki» erabili izana «gogor salatu» dute EH Bilduk eta Azkoitia Baik

Maxixatzen.eus 2018ko eka. 28a, 16:52
EH Bildu eta Azkoitia Bai udal taldeetako ordezkariak.

Azken egunotan, udal taldeen artean hautsak harrotu ditu EAJk kaleratu berri duen Kontuak Ematen deituriko aldizkariak. Izan ere, EAJk 5.000 aldizkari banatu ditu herritarren etxeetara, eta, guztira, 12.800 euroko kostua izan du. Hori dela eta, PSE-EE, EH Bildu eta Azkoitia Bai udal taldeek euren desadostasuna erakutsi dute. Besteak beste, «diru publikoaren erabilera desegokia eta partidista» egin izana salatu dute, eta «EAJren hauteskunde kanpaina martxan jartzeko» helburuarekin kaleratu dutela ere esan dute.

 

Hona hemen gaur arratsaldeko prentsaurrekoan EH Bilduko ordezkariek eta Azkoitia Baiko ordezkariak bat eginda esandakoak:

«Azken egunotan jasoko zenuten etxean Kontuak Ematen deituriko aldizkari bat eta laster herrian ikusiko ditugu totem informatibo batzuk.

Horren aurrean EH Bildu eta Azkoitia Bai udal taldeetatik gogor salatu nahi dugu EAJren Udal Gobernua egiten ari den diru publikoaren erabilera desegoki eta partidista. Azkoitiar guztion 12.800 euro xahutu ditu Javier Zubizarretaren Gobernuak EAJren hauteskunde kanpaina martxan jartzeko eta hau oso larria dela deritzogu.

Interes orokorraren gainetik alderdiaren interesak jartzen ari dira eta gainera oposizioari ezkutatuz egin dute. Aldizkari hori oposizioari inolako informaziorik eman gabe osatu eta sortu da eta ez zaio bertan parte hartzeko aukerarik eman. Informazioa eskatutakoan gainera trabak jarri zaizkigu.

Horretan gainera, azken egunotan irakurri dugun bezala, PSE-EE ere bat dator gurekin. Beraz, udaleko oposizio guztiaren kritika du aldizkari horrek.

Zubizarretari eta bere gobernu ekipoari gogorarazi nahi diogu ez duela bozkatzaile jeltzaleentzat bakarrik gobernatu behar. Azkoitiar guztiontzat gobernatu beharra dauka alderdikeria alde batera utziz.

Ondo deritzogu alderdi bakoitzak bere intereserako herritarrekin nahi duen moduan komunikatzea, baina alderdiak ordaindu dezala eta ez dezatela hori udal aldizkari bezala makilatu».

 

Bestalde, atzoko Udal Osoaren Ohiko Bilkuran Ana Azkoitia EAJko zinegotziak azaldu zuenez, «hiru urteko balantzea egiteko» eta «herritarrak informatuta egoteko» erabili nahi izan dute kaleratu berri duten aldizkari hori. Modu horretan, «herritarrek ikus dezaten, gardentasunez,» EAJ gobernuan jarri zenean programan agindu ziren hainbat proiektu «egin» direla, eta beste batzuk «egin nahi direla».

Azkoitiak gaineratu zuen «Kontzejupetik aldizkaritik desberdintzeko diseinu desberdina» eman diotela, baina «formatu aldetik, eduki asko Kontzejupetik aldizkariko berdinak» direla. Eta, bukatzeko, esan zuen agintean dauden bitartean kaleratu dituzten «bederatzi aldizkarietatik zortzi aldizkarietan» eman zaiela oposizioko alderdiei «aldizkarian parte hartzeko aukera».

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide