Sammiceko langileek elkarretaratzea egingo dute ostegunean, plazan

Maxixatzen.eus 2018ko eka. 27a, 10:20

Sammiceko langileek greban jarraitzen dute. Atzo, asteartea, hirugarren greba eguna egin zuten, eta Munategi Industrialdearen aurrean kontzentrazioa egin zuen Sammic hitzarmen duin baten alde lemapean. Gaur eta bihar elkarretaratzeak egingo dituzte Azpeitiko eta Azkoitiko plazetan. Bihar, osteguna, 12:00etan herriko plazan elkartuko dira hitzarmen duin bat eskatzeko.

 

«Gu beti egon gara hitzarmenaren inguruan hitz egitearen eta negoziatzearen alde», azaldu dute langileek. «Gure planteamentuak ez dituzte inoiz serio hartu, eta hala ere hitz egiteko prest egon gara. Oraindik ere, hitz egiteko prest gaude. Behingoagatik gure eskakizunak seriotasunez jorratu ahal izateko grebara jo beharra izan dugu», gehitu dute.

«Mahaitik gu altxatu ginela entzun behar izan dugu enpresaren ahotik, gainera, egun hauetan. Mahaitik jaiki ginen serio hartu ez gintuztelako. Deitzen digutenean hitz egitera joateko prest gaude, ez dezatela inongo zalantzarik izan», adierazi dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide