Produktu fitosanitarioen aplikatzaile ikastaroan izena emateko epea zabalik

Maxixatzen.eus 2018ko eka. 25a, 13:19

Udalak bigarren urtez antolatu du Produktu Fitosanitarioen Aplikatzaile Txartela doan eskuratzeko ikastaroa. Nekazaritza eta baratzetan erabiltzen diren produktuak dira fitosanitarioak. Iazko ikastaroa nekazaritza sektoreko profesionalei zuzendutakoa zen, eta aurten, 18 urtetik gorako edonork har dezake parte. Plaza guztiak beteko ez balira, profesionalei ere emango litzaieke aukera.

 

Izen-emate epea gaur zabaldu da, eta ikastaroa Elkargunean emango da irailaren 10etik 14ra. Bost orduko bost saio izango dira guztira, 15:00etatik 20:00etara. Plaza kopurua 40koa da eta izen-emate ordenaren arabera joango dira betetzen. Oinarrizko txartela lortzea eta produktu fitosanitarioek daukaten arriskuez konturatzea da ikastaroaren helburua.

Ikastaroan interesa dutenek udaletxeko Harrera Bulegoan eman beharko dute izena 08:00etatik 15:00etara bitartean. Horretarako, nortasun agiriaren kopia eta bi argazki aurkeztu beharko dira.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide