Sammic S.L. enpresako langileak borrokan, hitzarmen duin baten alde

Maxixatzen.eus 2018ko eka. 21a, 12:47
Argazkian, Sammic enpresako langileak.

Joan den ekainaren 11n Sammic S.L. enpresako langileek asanblea egin zuten, eta hitzarmen duin baten alde grebara joatea erabaki zuten. Bertan, langileen batzordeak eramandako proposamen bateratua onartu zuen asanbladak. Oraingoz, bi egun egin dituzte greban, eta langile guztiek egin dute bat lanuztearekin.

 

Sammic enpresako langile batzordea bederatzi ordezkarik osatzen dute: LABeko bost eta ELAko lau. Batzorde horrek proposatu dituen greba egunak hauek izango dira: ekainak 20, 21, 26, 27, 28 eta uztailaren 2tik aurrera greba mugagabea.

2017ko abenduaren 31n amaitu zen sinatuta zeukaten paktuaren indarraldia. Langile Batzordeak azaroan eman zion bere hitzarmen proposamena enpresako zuzendaritzari. «Ordutik negoziazioa martxan» dagoela esan liteke, nahiz eta enpresaren lehenengo erantzuna «oso berandu» iritsi zen. Langileen partetik «uneoro» izan da proposamena puntuz puntu aztertu eta edozein gairen inguruan hitz eginez «akordiora iristeko borondatea», langile batzordeko ordezkariek diotenez. Gaineratu dute enpresaren jarrera «oso ezkorra» izan dela hasieratik: «Ez du inoiz langile batzordearen proposamenaren inguruan hitz egiteko borondaterik erakutsi. Berak aukeratutako puntu batzuen inguruan hitz egiteko prest bakarrik agertu izan da», azaldu dute.

«Blokeo egoerak gainditzeko saiakerak asko izan diren arren, orain arteko denak ezinezkoak izan dira. Horregatik erabaki zuen langileen batzordeak greba poposamena asanbleara eramatea. Garbi dago langileak hitzarmen duin baten beharra ikusten dutela eta horretarako prest daudela», gaineratu dute batzordeko kideek.

Enpresari joan den asteartean komunikatu zitzaion greba daialdiren jakinarazpena. Oraingoz ez da bere erantzun edo proposamenik izan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide