Anari: «Hasieratik sentitu nuen hainbeste eman didatenei eskerrak emateko oso era ederra dela sari hau»

Maxixatzen.eus 2018ko eka. 20a, 20:00
(Argazkiak: Ainhoa Beristain)
Ostegun honetan jasoko du aurtengo Adarra saria Anari musikariak (Azkoitia, 1970). Gainera, sari hori jasoko duen lehen emakumea izango da. Azaldu du «pozez» jasoko duela 21 urteko musikari ibilbideari balioa ematen dion sari garrantzitsu hau.

 

Adarra saria jasoko duzu laster. Nola hartu duzu berria?

Hasieran harriduraz, ondoren lotsaz, eta azkenean pozez.

Anariri jarraitu dion edonork daki zerbait oso kolektiboa dela Anari. Anari soinu bat da, zuzeneko banda bat eta egiteko era bat; Bidehutseko lagunekin egin ahal izan dudana, esate baterako. Beraz, hasieratik sentitu nuen hainbeste eman didatenei eskerrak emateko oso era ederra dela sari hau.

Saria jaso eta segidan kontzertua emango duzu, Viktoria Eugenia antzokian. Kontzertu berezia izango da. Nolakoa izango den aurreratzerik bai?

Hasieratik ikusi genuen kontzertu historiko-kronologiko bat egiteko aukera ederra zela. Bertan izango dira gure diskoetan jo duten Xabi Strubell, Pello Ramirez, Maite Mursego, Borja Iglesias, Txap, Petti… Eta era kronologiko batean, esan bezala, gure ibilbideko kantuetan barna osatuko dugu kontzertua.

Duela 21 urte eman zenion hasiera musikari ibilbideari. Zein izan dira Anariren aldaketa nagusiak? Eta zer mantentzen du?

Nik beti esaten dut bost kantu egiten baino ez dakidala eta behin eta berriz kantu horiek egiten eta berregiten ari naizela. Alde horretatik, aldaketa baino gehiago, bilakaera ikusten dut.

Zure ibilbidea non kokatuko zenuke?

Hori jakiterik balego! Erditik aurrera, ezinbestean, baina nik uste dut bukaera aldera… Ez dut neure burua beti hor ikusten. Baina inoiz ezin da jakin; lehen esaten nuen 50 urterekin ez nuela neure burua hor ikusten, eta ez dabilzkit urruti…

Zerk lagundu dio Anariri arrakasta lortzen?

Hitz joko merke bat eginez, nik uste dut arrakastaz baino gehiago arrastaka heldu garela, narrastien eran: poliki, erortzeko beldurrik –eta aukerarik– gabe, eta jolasarekin jarraituz, noizean behin azalberritze bat bilatuz.

Ez gara inoiz arrakastatsuak izan, ezta orain ere. Beti dago publiko koxkorra gure kontzertuetan, baina ez gara Berri Txarrak…

Zein da gakoa urteak pasatu arren publikoarekin harreman zuzen eta iraunkor hori izateko?

Nik uste dut nire publikoa denetarikoa izan dela eta aldatzen joan dela urteetan. Badaude hasieratik jarraitu digutenak, baina disko bakoitzarekin sentitu dut jende bati ez zaiola gustatu, besteei bai, eta hor eraldatzen joan da publikoa.

Anari noiz egon da modan, batez ere?

Modan inoiz ez dut uste! Urterik onenak, beti daudenak. Denerako: pasatutakoa, pasatu delako, eta etorri beharrekoa, ez delako segurua.

Horrez gain, sentitzen dut bizitzak momentuak, adinak eta gauzak bereziki eta inoiz ez bezala disfrutatzera garamatzala. Gogoz gaude, oso proposamen ederrak ditugu, eta zorteko sentitzen naiz.

Zein lanek bete zaitu gehien?

Norberarentzat beti azkena da onena, edo hurrengoa… Eta, kasu honetan, Epilogo bat diskoa oso berezia izan da; beste diskoari denborarekin begiratzea eta idazten jarraitzea oso ariketa ederra izan da niretzat.

Intentsitate aldakorreko abesti gordinak dira zureak; esanahia ondo ulertzeko patxadaz irakurri beharreko letrak. Hitzekin jolas egitea al da Anariren pasioa?

Esango nuke nire abestietan hitzen garrantzia edo hitzen pisua gehituz joan dela. Azkeneko lanak hitzen gainean sortutakoak dira erabat. Horrekin lotuko nuke gehienbat diskotik diskora dagoen lehen aipatutako bilakaera hori.

Abesti denak berdinak direla esan omen zizun behin lagun batek.

Batek baino gehiagok… Nik zortea izan dut: nire lagunak ez dira batere nire musikaren zaleak izan, eta hori ona da. Gauzei neurria hartzen laguntzen dizu. Egoa animalia arriskutsua da.

Zein dira kantuak sortzeko Anariren txoko eta une kuttunenak?

Ez naiz batere fetitxista. Zerbait aipatzekotan, goizekoa naizela esango nuke. Konposatzen ari naizenean, goizean goiz jaiki, bi-hiru ordu eserita lan egin, eta ondoren hankei eraginez lanean segitu, pasieran, maketak entzunez, idatzitakoari bueltaka…

Sortzaile zara; edozein kritika plazaratzeko libre zarela uste duzu?

Ez dut uste inor erabat librea denik edozein kritika plazaratzeko; ez sortzaile, eta ez ez-sortzaile.

Aseta gelditzen al zara abesti bat idatzi ondoren?

Asko kostatzen zait abesti batekin, eta zer esanik ez disko batekin, aseta geratzea. Nik beti azaltzen dut disko bat egitea gehiago dela zure mugekin topo egitea zure ahalmenarekin topo egitea baino. Oso frustrantea da askotan.

Nik abestiak etxean egiten ditut, gitarrarekin. Eta, taldearekin grabatu arte, mila erabaki hartu behar dituzu, eta denborarekin ikasten ari gara, baina oraindik ere asko kostatzen da.

Zein musika mota edo talde entzuten dituzu? Zeinek dute eragina zuregan?

Dudarik gabe, nire influentziak musika anglosaxoiarenak dira; izan ingelesak, amerikarrak, australiarrak edo kanadarrak. Nik entzuten dudan eta entzun dudan musika gehiena hortik jasoa da. Gero, horrekin Euskal Herriko musika gurutzatzen da momentu batean, eta bi horien sinbiosia naizela esango nuke.

Zuk esana da Anari ez dela entzuteko musika erraza, baina aretoak betetzen dituzu. Jendeari gustatzen zaion musika egiten duzu, beraz. Nola da hori?

Erraza, zaila, ez dakit termino horietan azal daitekeen. Uste dut gure produzitzeko era nahiko zakarra dela; nahita egindako zerbait da, noski. Jendearen belarria produkzio eta soinu era batera eginda dago, eta agian hor badago talka bat.

Hala ere, Gazteak jartzen dituen zenbait abesti ere, Rihanna eta Beyoncerenak esate baterako, askotan oso produkzio exijenteak iruditzen zaizkit, eta jendeak entzuten ditu, entzutearen entzutez, bistan denez… Beraz, hor gai asko daude.

Zenbat kontzertu eman ohi dituzu urtean?

Azkenaldian, gehitxo. Hori esan dit gorputzak. Udaran oporrak egingo ditugu; udara ondoren kanpora ateratzeko aukera ederrak sortu zaizkigu, eta hemen gutxiago ibiliko garela sentitzen dut. Opor ondoren esango dugu, baina hala uste dut.

Ba al duzu emandako kontzertu bereziren bat?

Bada, azkena, Etxe-Aitzen eman nuena, benetan berezia. Oso ederra izan zen.

Estudioko lanez gain, zuzeneko bi disko grabatu dituzu. Nola grabatzea nahiago?

Guk estudioan zuzenean grabatzen dugu; ahotsak eta arregloak ez, baina bandak bai. Arraroa da: estudioko lanetan ez duzu lortzen zuzenekoak duen indarra, eta zuzenekoetan jotakoak agian ez du balio etxean entzuteko. Ez naiz zuzenekoen zalea, entzule bezala.

Norbere ikuspegitik, aukera ederra ematen du kantuak jotzeko eran izaten den bilakaera momentu batean erretratatzeko.

Azkoitiko kontzertuak beldurtuta hasten dituzula onartzen duzu.

Bai, neurria arraroa da. Kanpoan jotzen dugunean, gutxi-asko ohituta gaude gu ikustera datorren jendearen aurrean jotzen. Herrian bestelako loturak sortzen dira, eta arraroa da. Lotsa da gehiago beldurra baino.

Tabernetan zure musika entzutea ez duzu gogoko, zeu bertan bazaude. Zergatik?

Hori nork esan dizu? Kar-kar… Egia esan, sekulako lotsa ematen du norbere burua entzuteak. Horrez gain, nik ez ditut neure diskoak entzuten, eta, egoera horretan, hasten zara ahotsari begira, gitarrei, erritmoari… Desastre bat.

Horrez gain, jakin nuen garai batean Etxe-Aitzen Gu abestia jartzen zutela taberna ixteko. Oraindik horrela bada, hemendik eskaria abestia aldatzeko; bestela, jendeak, lehenaz gain, amorrua hartuko dio abestiari, kar-kar.

Min egiten al dizu artista euskaldunak erdaraz abesten entzuteak?

Bihoa aurretik bakoitzak nahi duen eran egitea libre dela. Baina, galderari erantzunez, min egiten dit, bai. Neu ere ingelesez abesten zuen talde batean hasi nintzen, baina lehenengo abestia euskaraz egin nuenean konturatu nintzen horrek hartzen zuen beste dimentsioaz. Horrez gain, iruditzen zait gure belaunaldiak era guztietako musika euskaraz egin zitekeela erakutsi zuela. Hasieran ez duzu horren esanahi, garrantzi edo ideologia inplizituan pentsatzen, baina denborarekin ikusten duzu erresistentzia eremu bateko parte zarela, eta beti izango dela gutxi egiten den dena.

Kultura euskaraz egiteak sendotu egiten du hizkuntza, beste ezerk ez bezala: prestigioa ematen dio, aberastu egiten du, sendotu eta errotu. Hemen ahituak diruditen terminoak, baina Galizia edo Kataluniako talde edo abeslariekin hitz egiten baduzu, bestela sentitzen dituztenak.

Nola ikusten duzu Azkoitiko euskal kultura, oro har?

Lehenik eta behin, ez naiz Azkoitian bizi, eta saiatzen naiz herrian gertatzen denaren berri izaten, baina ez dakit aproposena naizen iritzia emateko.

Ni kantatzen hasi nintzenean, jendeak harridura handiz hartu zuen nik euskaraz abestea; arraroa egiten zitzaion. Oso ohitua zegoen Egan edo trikitia euskaraz entzutera, baina gure herriko erreferentziek gaztelaniaz edo ingelesez abesten zuten. Beraz, Azkoitian ere gauzak ez dira betidanik eta betirako egindakoak izan. Azkoitian ere lan bat egin da, eta lan horren ondorioz dira zenbait gauza ohiko edo arruntak, ez beti horrela izan direlako.

Eta esango nuke instituzioen aldetik euskarak ez duela oraindik ere prestigiorik Azkoitian. Non eta Azkoitian. Oso espainola dela iruditzen zait. Gure herrira Espainiako talde, bakarlari edo antzerkiak ekartzeko ohitura horrek asko erakusten du hori. Badago lana…

Elkarrizketa ia denetan axkottiarrez hitz egiten duzu. Egin izan al duzu horren gaineko hausnarketarik?

Asko hausnartu dut horretaz. Denbora askoan hitz egin dut azkoitiarrez elkarrizketetan edo hitzaldietan, eta, arrazoi ideologikoen gainetik, oso sinple bat gailendu izan zait: lotsa. Orain dela denboratxo bat erabaki nuen eremu nazionaleko komunikabide edo hitzaldietan euskara batuan hitz egin behar nuela, eta horretan saiatzen naiz.

Emakume artista gisa arlo artistikoan bizi behar izan dituzun egoeren hausnarketa bat eskatu genizun Maxixatzenerako, baina ezezkoa jaso genuen. Gehiegi al dago horren atzean kontatzeko?

Uste dut azkeneko urteetan emakumeen mugimendu anitzekin gertatzen ari dena ikaragarria dela. Oso gauza globala da, baina Euskal Herriak izan du, azken urteetan, feministen jenerazio oso indartsu bat izateko zortea —genealogia batetik datorrena eta aurrekoei ere eskertu behar zaiena—, eta, horri esker, hainbat faktorerengatik feminismoa gure artean inoiz egon ez den leku sinboliko eta errealetara eraman da. Hori bizi izanaren suertea sentitu dut.

Arlo pertsonalean, neure buruaren errebisio bat egiten lagundu dit, eta asko irakatsi dit horrek.

Hau dena esanda, uste dut diskurtsoari buelta bat eman behar zaiola, eta sortzaile moduan ari naiz. Ez naiz beti identifikatzen orokortutako zenbait kontzepturekin.

Lau gizonezkorekin osatzen duzu Anari. Nola daramazu hori?

Oso ondo, zoragarri. Beti elkar baloratu, maitatu eta zaindu izan dugu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide