Pako Sudupek 'Telesforo Monzon, aristokrata abertzalea' liburua idatzi du

Maxixatzen.eus 2018ko eka. 14a, 10:56
Pako Sudupe. Eitb.eus

Telesforo Monzon, aristokrata abertzalea. EAJtik HBra: bilakaera politiko-kulturala liburua aurkeztu du Pako Sudupek (Azkoitia, 1959). Idazleak Telesforo Monzon (Bergara, 1904-1981) aristokrataren biografia kontatzen du liburuan.

Txertoa argitaletxearekin kaleratu du Sudupek idatzi duen azken lana. 300 orrialdetik gorako liburua da. Hau da liburuaren sinopsia:

«Telesforo Monzonen biografia mamitsu bezain interesgarria idatzi du Pako Sudupek. Autoreak ez du inola ere hagiografia bat egin nahi izan; aitzitik, kritiko aritu da, zorrotz, sarri orain arte argitaratu gabeko dokumentuak erabilita gainera. Eta ariketa horrek berretsi du Telesforo Monzon gizon handia izan zela, euskal abertzaletasunak eta, oro har, Euskal Herriko politikak XX. mendean izan duten bilakaera ulertzeko pertsona ezinbestekoetako bat. Liburu honek Monzonen jatorri aristokratikoa, EAJrekiko lerrokatze goiztiarra eta Jose Antonio Agirre lehendakariaren gobernuetan jokatu zuen rola, gerra garaian, zein erbestean, jorratzen du. Ondoren, 50garren hamarkadan alderditik urrundu eta 60garrenean ETAko errefuxiatuekin bat egin zuen garaia lantzen du, harik eta, Franco hil ondoren, Herri Batasunako buruzagi karismatiko bihurtu zen arte. Pako Sudupek idatzitako biografi ak, Telesforo Mozonen ibilbidea eta haren garaia ezagutzeko ez ezik, gauden lekura nola iritsi garen ulertzen ere laguntzen du».

Sudupe Euskal Ikasketetan doktorea da. Urte askoan helduen euskalduntze-alfabetatzean aritua, gaur egun administrazioan, euskararen normalizazioan egiten du lan. XX. merdeko euskal kultura ikertzen eta ezagutzera ematen nabarmendu da, bereziki 50eko hamarkadakoa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide