Finalera sartzeko lehen urratsaren bila

Maxixatzen.eus 2018ko eka. 14a, 11:11

Eskuzko Herriarteko finalerdietako joaneko partidak jokatzeko, Azkoitiak Ataun jasoko du bihar, Gurea pilotalekuan. Oteiza Pilota Kirol Elkarteko pilotariak Donostia eta Hernani kanporatuta iritsi dira txapelketaren azken-aurreko fasera. Bihar, 22:00etan, Ataunen erabakiko den kanporaketa bideratu nahi dute azkoitiarrek.

 

«Kanporaketa gogorra izango da. Oso lehiakorrak dira hiru bikoteak, eta partidak aurrera ateratzeko lana gogotik egin beharko dugu», azaldu dute Oteiza elkarteko kideek. «Ataun Gipuzkoako herri luzeena izan arren, biztanlez ez da horren handia. Hori kontuan hartuta, sekulako meritua dute ataundarrek horrelako taldea atera izana», azpimarratu dute.

Oteiza elkarteak emaitza onak lortuta joan nahi du Ataunera, eta horretarako herriko pilotazaleak izan nahi dituzte bidelagun. «Orain arte jende asko etorri da Gurea pilotalekura, eta berriz ere herritarren laguntza beharko dugu kanporaketa aurrera ateratzeko», adierazi dute azkenik elkartetik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide