Reyes Azkoitiak eman dio hasiera IV. Pelotai Euneri

Maxixatzen.eus 2018ko eka. 9a, 14:35

Reyes Azkoitiak eman dio hasiera aurtengo Pelotai Euneri. 13:00etan, kalejiran iritsi dira herritarrak Kontzejupera, eta herriko gizon-emakume pilotariei omenaldia egin ondoren, Reyes Azkoitiak bota du pelotazue, goitik behera bete den Kontzejupean. «Oso harro eta eskertuta nago omenaldiarekin; bihotzez eskertzen dut», azaldu du festari hasiera eman ondoren. Jendetza bildu da udaletxe azpian omenaldia bertatik bertara jarraitzeko, eta giro ederra sortu da goiz guztian zehar.

Aurretik, baina, Oteiza Pilota Kirol Elkarteko pilotari mutilen partidak, herriko mutilen txapelketako bi finalerdiak eta goi mailako emakumeen finala ere jokatu dira. Reyesek pelotazue bota ondoren mutilen goi mailako pilota partida jokatu dute Alex Juaristi eta Jokin Errasti herritarrek, Labaka eta Kokaren aurka.

Ondoren, 14:30ean bazkaria egingo dute Oteiza frontoietan. Paella andramaixetako kuadrilla egunean prestatzen duten sukaldari berdinek prestatu dute, eta Eusko Label etxeak egindako hanburgesa eta oilaskoa ere izango dira aukeran.

Oteiza frontoietatik berriz ere festa Kontzejupera ekarriko dute antolatzaileek, izan ere, 17:30ean Oteiza Pilota Kirol Elkarteko pilotari nesken partidak jokatuko dituzte lehenik. 18:00etan, herriko nesken finala jokatuko da, eta ondoren herriko mutilena. Egitaraua 19:00etan hasiko den mutilen goi mailako pilota partidarekin itxiko da. Andreu eta Zapirain, Aritz Lasa eta Urruzolaren aurka arituko dira.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide