Finalerdietara sailkatu da Azkoitia

Maxixatzen.eus 2018ko eka. 9a, 09:28

Finalerdietan da Azkoitia. Hernaniri, Gurean, bi eta bat irabazi dio, joaneko partidetan Hernanin egin bezala. Datorren ostiralean, berriz ere etxean, finalerdietako joaneko partidak jokatuko dituzte Ataunen aurka Oteiza Pilota Kirol Elkarteko pilotariek.

Kadete mailan Mikel Aranbarrik eta Ioritz Astigarragak 22-15 menderatu zituzten hernaniarrak. Gazteen mailan, Jon Oteizak eta Iagoba Urangak 22-17 irabazi zuten. Azken partidan, senior mailan, galdu zuten azkoitiarrek partida bakarra. Alex Juaristik eta Julen Oñederrak 5-22 amaitu zuten partida.

Finalerdietan Ataun izango dute aurrean Oteiza Pilota Kirol Elkarteko pilotariek. Joanekoan bi eta bat nagusitu zen Ataun, eta itzulerakoan Zizurkil. Guztira hiruna berdindu dute, baina bost tantoko aldeagatik ataundarrek lortu dute aurrera egitea. Datorren ostiralean jokatuko dituzte finalerdietako joaneko partidak, Gurea pilotalekuan. 22:00etan hasiko da lehia, Oteiza elkarteko ordezkarien esanetan «lehia estua» izango da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide