Matadeixek 22. urteurrena ospatuko du ekainean

Maxixatzen.eus 2018ko eka. 8a, 08:00
22 urte beteko ditu aurten Matadeixek, eta urteurrena ospatzeko hainbat ekintza antolatu dituzte. Ospakizun jarduerak bihar, zapatua, hasi eta ekainaren 30era arte luzatuko dituzte. Ekaineko azken egunean egun osoko festa egingo dute, gainera.

 

Zapatuan hasiko dira urteurreneko ekitaldiak. Bihar, Arrasateko Desvan del Macho taldeak eta Galiziako Diola taldeak zuzeneko kontzertua emango dute Matadeixeko oholtzan. Kontzertuak 22:30ean hasiko dira.

Kontzertuen, zinema zikloen eta beste hamaika ekintzen artean bada berrikuntza bat: diseinu lehiaketa antolatu dute Matadeiko 22. urteurreneko kamisetaren irudia izango dena aukeratzeko. Antolatzaileek azaldu dutenez, kolore bakarrekoak izan behar du diseinuak, eta Matadeixerekin lotura izan behar du. Parte hartu nahi dutenek ekainaren 23ra bitarteko epea dute proposamenak bidaltzeko. Ekarpenak Matadeixek zabaldu duen mataderoekintzak@gmail.com helbide elektronikora bidali behar dira.

Azkoitiko Zizel taldeak ere emango du kontzertua. Ekainaren 16an, 22:30ean, Serendipia diskoa aurkeztuko dute Alberto Martinez eta Mikel Iraeta azkoitiarrek. Ekainaren 30ean, urteurrenaren egun nagusian, egun osoko egitaraua egingo dute. Bizipoteue, bazkaria eta serigrafia saioa egingo dituzte, eta ondoren, Anakrosis, Nasty Surgeons eta Nekrocake taldeek emango dute kontzertua. Talde bakoitzak ordu erdiko emanaldia eskainiko du, eta, ondoren, VI. Gau Beltza hasiko da. Goizaldera arte, soul-a, musika afrikarra eta bestelako musika beltza entzuteko aukera izango da Matadeixen.

Dantza ala hil zinema zikloa ere izango da urteurreneko egitarauan. Aurten dantzaren inguruko filmak eskainiko dituzte; hiru dokumental eta bi bi fikzio lan emango dituzte, Matadeixen eta Baztartxon. Ekainaren 13an Pina, 20an Le Bal, 22an Bruk Out! A Danchehall Queen Documentary, 27an Rumba eta uztailaren 4an Mr Gaga filmak izango dira ikusgai. Ekainaren 22koa Baztartxo antzokian izango da, 22:00etan. Gainerako lau filmak Matadeixen, 21:30ean hasiko dira.

Ekainaren 23an, San Joan bezperan, San Joan su alternatiboa egingo dute Matadeixen. Sua piztu ondoren, gainera, bertan erretako patatak jango dituzte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide