Patxi Larrañagak hunkituta aurkeztu du 'Gure abestiak' bilduma

Maxixatzen.eus 2018ko eka. 8a, 10:21
Patxi Larrañagak 500 kantuz osatutako bilduma aurkeztu du.

Patxi Larrañagak Gure abestiak izenburupean 500 abesti inguru bildu ditu liburu batean, eta hainbat lagunen aurrean aurkeztu du osatutako bilduma berria. Udal bilkura aretoa kantuan jarri du Larrañagak; «oso pozik» dago egindako lanarekin eta aurrerantzean ere kantuan jarraitzeko aitzakiarik ez dela izango gaineratu du.

 

Mikel Laboaren Hegoak ebaki banizkio kanta abestu zuten ekitaldiari hasiera emateko. Abestiak «gertu izan eta sarri abestu» behar ditugula gaineratu du Larrañagak. «Lan asko» eman diola aitortu du liburua osatzeak. Txikitatik abestea gustatu izan zaio, eta gustuko abestia entzuten zuenean partidura lortzen saiatzen zen. Horrela joan da pixakana kantuak osatzen, ondoren, bazkalostean lagunekin abestu ahal izateko. Erretiroa hartu zuenean, musika eskolara joanez partiturak egiten ikasten hasi zen, «okupatuta bizitzeko». Eta, azkenean, 500 abestirekin bilduma bat osatu eta argitaratzea erabaki du. Oraindik 200-300 abesti gelditu zaizkio Larrañagari bildumetan sartu gabe, baina, oraingoz, etxeko apaletan gordeta edukiko ditu.

Patxi Larrañagak kantua eta musika maiteak izan ditu beti. Iraurgi abesbatzaren eta musika eskolaren sortzailea da Larrañaga, gainera. Orain herritarrek ezagutzen dituzten ehunka kantu biltzen dituen liburua argitaratu berri du. Larrañagak dio lan hori «terapia» izan dela beretzat.

Duela zazpi urte kaleratu zuen Gure abestiak izenburupean liburua, baina orain gaurkotuta dakar. Euskarazkoekin batera, gaztelerazko kantuak Nuestras canciones liburuan bildu ditu. Bi aleek osatzen dute bilduma.

Abesti bakoitza bere letra eta pentagramarekin agertzen da liburuan. Ondare musikal hori herritarren esku geratuko da aurrerantzean, gustuko duenak gozatzeko eta abesteko.

Larrañagaren bilduma berria salgai egongo da liburu dendetan. Bilduma osoak 50 euro balio du eta, eta liburu bakoitzak, berriz, 25 euro.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide