Herritar asko elkartu da plazan Altsasuko atxiloketak salatzeko

Maxixatzen.eus 2018ko eka. 7a, 20:51

Altsasun astearte goizean Guardia Zibilak egindako atxiloketak salatzeko, elkarretaratzea jendetsua egin dute herriko plazan, 19:00etan. Herriko hainbat eragilek—Urola Antiespezista, Piztu, Ikasle Abertzaleak, Ernai eta Sostenipe Talde Feminista— deitutako kontzentrazioa egin dute hogei minutuan.

 

Joan den ostiralean, bederatzi eta hamahiru urteko espetxe zigorrak ezarri zizkien Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaimahaiak, eta asteartean lau gazteak atxilotzeko agindu zuen. Oraindik epaia irmoa ez bada ere, fiskalak gazteak atxilotzeko agindu zuen, «ihes egiteko arrisku handia» dagoela argudiatuta, eta epaileek horrela egitea erabaki zuten. Guardia Zibilak atzo goizean atxilotu zituen lau gazteak, Altsasun. Zortzi auzipetuetatik zazpi daude preso, eta horietatik hiruk urte eta erdi daramate kartzelan. Atxiloketa horiek salatzeko, honako testu hau irakurri dute elkarretaratzearen antolatzaileek:

«2016ko urriaren 16an hasi zen guztia, tabernako liskar bat izan zen Guardia Zibilaren eta Altsasuko biztanle batzuen artean bertako taberna batean. Horren ondorioz, hainbat gazte altsasuarren atxiloketa eman zen. Kasua liskar hutsean utzi nahi ez —nahiz eta poliziaren txostenek lintxamendurik ez antzeman— eta Auzitegi Nazionalean bukatu zuen kasuak, terrorismoa izan zitekeelaren susmopean.

Epaia eman zen aurreko astean eta preso diraute altsasuarrek, hamahiru urterarteko espetxe zigorrekin momentuz, muntaia polizial baten biktima. Izan ere, kasu oso arraroa suertatu da Altsasukoena; bertan ez zeuden eta koartada frogagarri bat zuten auziperatu eta kondenatuekin. «Ez noa» bezalako mezuak «Voy» bezala itzulitako kartoizko epai batetik ez dugu ezer onik espero. Epaitu aurretik sententzia emana zegoen juizio bat izan zen.

Bitartean polizia bere erara, lasai asko, beti bezala. Izan ere, ez da lehenengo aldia, eta ez da azkena izango. Poliziak, berdin du, Guardia Zibil, Ertzain, Nazional edo Udaltzaingo, betikoen interesen defentsan lan egiten dute. Klase menderatzailearen esanetan egongo direnak beti, gure interesak defendatzen dituztela saldu nahi diguten arren. Burgesiaren bizkartzain izan dira eta izango dira hau existitu bitartean. Eta kasu honetan Euskal Herriaren aurkako enegarren erasoa jasan dugu. Euskal Herria historikoki erresistentzia puntu bat izan da estatu espainiarrarekiko. Gure nazio zapalkuntzaz jabetuak izan ginen eta horren aurka borroka egin dugu urte askotan. Horregatik askotan izan gara erasotuak eta oraingoan ez da gutxiago izan.

Gaur demokrazia ordezkatzaile baten mozorropean jasotzen ditugu kolpeak, orain dela 40 urte mozorro gabe jasotzen genituen kolpeak datozen norabide beretik datoz. Gaur gure zapaltzaileak orain dela 40 urte ziren berdinak dira, interes berdinekin baina lan egiteko era desberdinarekin. Eta noski traba egiten duenak badaki zer datorkion, gutxienez muntaia polizial bat, azkenaldian oso modan dauden horietakoa, gaur salatzen dugun Altsasukoena bezalakoa; eta gehienez, beharrezkoa den guztia. Horregatik guztiagatik eta askoz gehiagogatik, borrokan jarraituko dugu guk. Ez gara kikilduko, zuen mehatxuen gainetik pasako gara.

Horrez gain gogorarazi nahi dugu ekainaren 16an Iruñean Altsasuko gazteen aldeko manifestazioa egingo dela, eta bertara joateko deia egiten dugu. Bihartik aurrera autobusean izena emateko aukera egongo da herriko tabernetan.

Bakearen gezurra bizi dugun garaiotan, inoiz baino ozenago esango dugu: Guk, antolakuntza eta borroka! Klase eta estatu zapaltzaileei tantorik ez!»

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide