Oraindik ere izena eman daiteke igandeko giza katean parte hartzeko

Maxixatzen.eus 2018ko eka. 7a, 22:37

Azkoitian ere herritar ugari ari da bat egiten Gure Esku Dagok antolatu duen giza katearekin. Dagoeneko 500 lagunek baino gehiagok eman dute izena ekainaren 10eko giza katerako, baina oraindik ere eman daiteke izena. Horretarako, ostiral arratsaldean eta zapatu eguerdian mahaia jarriko dute plazan. Bestalde, egun hauetan mahaira bertaratzerik ez dutenek helbide honetara mezu bat bidaltzearekin nahikoa izango dute: azkoitikogureeskudago@gmail.com.

 

Azkoititik giza katera joateko antolatzaileek autobusak jarriko dituzte. Joan-etorria autobusez egiteko, zapatura arte izena eman beharko da tabernetan edo GEDko kaleko mahaian. Azkoititik 10:15ean irtengo da autobusa. Ondoren, giza katea bukatutakoan, 13:00etan, Azkoitira itzultzeko autobusa egongo da. Zerbitzu hori zazpi euro ordaindu behar da. Azkoititik irteera liburutegiaren aurretik izango da. 

Honako tabernetan eman daiteke aurrez izena: Etxe Aitz, Latz, Zakela, Zurt, Ttakun, Koxka, Dean eta Olaberri. Giza Katera autobusez joatea gomendatu du GEDk.

Antolatzaileek azpimarratu dute autobusean joan nahi dutenek izena eman behar dutela; alegia, autobusean joateko ez dela nahikoa giza katean izena emanda egotea. 

Horrez gain, autoz joateko aukera ere izango da, antolakuntza aparkalekuak antolatzen ari baita. Sansinenena industrialdeko aparkalekuan utzi beharko dute autoa, eta oinez bost minutuan helduko dira azkoitiarren kilometrora. 

Giza katea 12:00etan hasiko da, eta azkoitiarrek Arroa behea eta Itziar arteko errepidean, 40. eta 41. kilometroetan, egon beharko dute. Zehazki, Arroa beheko tren geltokian eta Jazz Berri diskoteka zenaren inguruan egotea egokitu zaie azkoitiarrei. Gure Esku Dagok herritarrei 10:30erako dagokien kilometroan kokatzeko deia egin die. 

Bestalde, antolatzaileek gazte jendearen falta sumatu dute, eta horretan eragin zuzena izan dutela uste dute Zazpi Kurutze mendi martxak eta Pelotai Eunek, bereziki. Hala ere, espero dute azken orduan helburuak beteko dituztela. Horregatik, gazteak giza katean parte hartzera animatu nahi dituzte, eta parte hartu ahal duten gazteei ahalegin txiki bat egiteko eskatu diete.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide