Finalerdietan sartzeko asmoz egingo dio aurre Azkoitiak Hernaniri

Maxixatzen.eus 2018ko eka. 7a, 12:10
Mikel Aranbarri sakea egiten.

Oteiza Pilota Kirol Elkarteko eskuzko pilotariek bihar, ostirala, final laurdenetako itzulerako partidak jokatuko dituzte Gurea pilotalekuan, 22:00etatik aurrera. Joanekoan Hernanin bat eta bi irabazita, Azkoitiak bere eskuetan du finalerdietara sailkatzea.

 

Joan den ostiralean jokatu zituzten pilotari azkoitiarrek joaneko partidak, Hernaniko Udal Pilotalekuan. Aranbarrik eta Astigarragak 11 eta 22 irabazi zuten kadete mailako partida. Gazteen mailan, berriz, 13 eta 22 nagusitu ziren Oteiza eta Uranga. Nagusien mailan, azkenik, 22 eta 7 galdu zuten Juaristik eta Oñederrak. Bat eta bi aurretik da Azkoitia, eta tantoen aldea ere herritarren aldekoa da. 46 tanto egin zituen Hernanik eta Azkoitiak 51.

Fasea gaindituz gero, Ataun-Zizurkil kanporaketako garailearen aurka jokatu beharko dute azkoitiarrek. Ataunek aurrea hartu zuen joan den astean, bi eta bat irabazi baitzuen kadete eta gazte mailako partidak erosotasunez irabazita.

Gaurko eta biharko partidak

Herriarteko txapelketaz gain, Oteiza elkarteko pilotariek beste txapelketa batzuetako partidak izango dituzte Gurean, gaur eta bihar. Gaur, 19:00etatik aurrera, Azkoitiak eta Urangak lau t'erdiko Mendebaldeko Txapelketako eta Gipuzkoako Txapelketako final laurdenetako partidak jokatuko dituzte, hurrenez hurren.

Ostiralean, berriz, kimuen mailako partidak jokatuko dituzte azkoitiarrek. 19:00etan hasita, binakako hiru partida izango dira Gurean: lehena, O. Aldazabalek eta I. Egañak jokatuko dute; bigarrena, I. Garatek eta J. Larrañagak; hirugarrena eta azkena, berriz, E. Larrañagak eta A. Segurolak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide