Otaba jaiak ospatuko dituzte asteburuan Elosuan eta Aittolan

Maxixatzen.eus 2018ko mai. 30a, 10:39
Aittolako Otaba jaietako irudia. (Argazkia: Ibon Errazu)

Elosuan eta Aittolan Otaba jaiak ospatuko dituzte datorren asteburutik aurrera. Elosuan, zapatutik astelehenera bitartean hamaika ekintza izango dira. Aittolan, berriz, igandean izango da festarako eguna.

 

Elosuan, zapatu goizeko 09:00etan emango diete hasiera jaiei, kanpai hotsek lagunduta, auzotarrek botako duten txupinazoarekin. Ondoren, 09:15etik 14:00etara bitartean, Karakate Elosua bitartean Sustraiak ezagutzen ibilaldi didaktikoa egingo dute, Aranzadi Zientzia elkartearen eskutik. Ibilaldiaren ostean herri bazkaria egingo dute, eta 16:30ean mus txapelketa jokatuko da. 20:30ean bertso afaria izango da Agin Larburu eta Beñat Gaztelumendi bertsolariekin batera. Honako menu hau eskainiko dute afaltzeko: zizka mizkak, entsalada, arkumea burruntzian eta postrea, 28 euroren truke. Afarirako izena eman beharko da 688 920 086 telefonora deituta.

Igandean, jubilatuen eguna ospatuko dute Elosuan. 12:00etan, pilota partidak jokatuko dituzte auzoko pilotalekuan. 13:00etan, meza nagusia egingo dute elizan, eta gero Elurmendi elkartean jubilatuen bazkaria egingo dute. 18:00etan, gizon-emakume proba izango da Elosuako plazan. Mendaroko neska-mutil taldea Julen Iturraspe Euskadiko giza-probako txapeldunordearen aurka arituko da. 550 kiloko Lutxurdio harriarekin 30 minutuko lana egin beharko dute. Mendaroko taldeak egiten duen plaza bakoitzeko, Iturraspek 1,5 metro egin beharko ditu. Ondoren, erromeria izango da Lutxurdio eta Aitziber trikitilariekin eta 21:30ean afaria egingo dute trikitilariek lagunduta.

Astelehena izango da Otaba jaietako azken eguna. Otaba Txiki eguna ospatuko dute Elosuan datorren astelehenean. 12:00etan, auzoan hildakoen aldeko meza egingo dute lehenik. 13:00etan, Piskolabitx jolasa egingo dute, eta 15:00etan auzo bazkaria. 17:30ean, umeentzat, gazteentzat eta zaharrentzat antolatutako jolasak izango dira. 19:00etan, Laja II eta Alabier trikitilariekin triki potea egingo dute, eta 21:00etan denak afaltzera joango dira. Afalostean erromeria izango da trikitilariek lagunduta. Jaiak gauerdian agurtuko dituzte Elosuan.

Aittolan, igandean

Aittolan, berriz, igandean ospatuko dituzte Otaba jaiak. 12:30ean, Aittolako gurutzean, bailaran hildakoen aldeko meza egingo dute. Ondoren, bertan, Andoni Egaña, Sebastian Lizaso eta Maialen Lujanbio bertsolarien bertsoekin eta Izer eta Alabier trikitilarien doinuekin, pintxoak hartzeko aukera izango da. Ondoren, festa Aittola-Zar jatetxera eramango dute auzotarrek eta bazkaria egin ostean bertso saioa izango da lehenik, eta trikitilariekin erromeria gero, 21:00ak aldera arte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide