Eskuzko eta gomazko paletako kanporaketak Gurean jokatuko dira asteburuan

Maxixatzen.eus 2018ko mai. 24a, 13:00
(Argazkia: Mikel Odriozola)

Asteburu garrantzitsua dute Oteiza Pilota Kirol Elkarteko eskuzko eta gomazko paletako pilotariek. Eskuzkoan final zortzirenetako itzulerako partidak jokatuko dituzte ostiralean, 22:00etan. Gomazko paletako pilotarien txanda, berriz, zapatuan 16:30ean izango da; final laurdenetako joaneko partidak jokatuko dituzte.

 

Donostian lortu zuten abantailari etekina atera nahi diete eskuzko pilotariek, Gurean irabazi eta final laurdenetan sartzeko. Joaneko partidak joan den zapatuan jokatu zituzten Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Kadete mailan Mikel Aranbarrik eta Joritz Astigarragak jokatu zuten, eta 21 eta 22 irabazi zuten. Gazteen mailan Jon Oteizak eta Jagoba Urangak ordezkatu zuten Azkoitia, eta 6 eta 22 irabazi zuten. Senior mailan, berriz, Julen Oñederra eta Jon Juaristi aritu ziren, eta 22 eta 4 galdu zuten. Itxura guztien arabera, kadete mailako partidan egongo da sailkatzeko gakoa.

Gomazko paletan, berriz, final laurdenetako partidak jokatuko dituzte azkoitiarrek, zapatuan. 16:30ean hasiko da kanporaketa, Hernaniren aurka. Amasa-Billabonaren aurka jokatutako partida guztiak irabazi zituzten azkoitiarrek.

Lau t'erdiko partidak, zapatuan

Zapatu goizean Gipuzkoako lau t'erdiko txapelketako partidak jokatuko dituzte azkoitiarrek. 11:00etan hasiko dira pilota partidak Gurea pilotalekuan. Lehen partida Aitor Azkoitiak jokatuko du eta bigarren partida Aitor Oteizak. Hirugarren partidan Julen Oñederrak jokatuko du eta azken partidan Asier Unanue eta Alex Juaristi elkarren aurka arituko dira. Ion Juaristik, berriz, Andoainen jokatu beharko du bere partida.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide